Itxi

Artea

EKE-ren elkarrizketa

Eric Dicharry: 'Maskaradak Euskal Herri osoaren errituak dira'

Xan Aire

Eric Dicharry (1969, Baiona, Lapurdi) osotasun batean bizi da: ikerle eta artista, gustura lerratzen da batetik bertzera. 1995ean hasi zen maskaraden aztertzen eta bizitzen, Xiberoan.

  • Eric Dicharry. Argazkia: EKE

    Eric Dicharry. Argazkia: EKE

Tesia atipiko batekin atera zen Xiberoatik, berriki argitaratu dena, Du rite au rire (Erritutik irrira, L'Harmattan) izenburupean. Maskaraden berezitasuna eta unibertsaltasuna aipatu ditu hemen, bai eta zergatik ez dauden desagertzekotan azaldu.

Xan Aire: Haserretzen ote zara euskaldun berria zarela erratean?
Eric Dicharry: Ez hainbeste! Uste dut euskaldun guztiok bezala hitz berriak ikasten ditudala egunero; beraz, euskaldun guztiok euskaldun berriak garela...

X. A.: Zer lotura zenuen, gaztetan, euskararekin?
E. D.: Ez nuen batere loturarik euskararekin. Amatxirekin salbu, hitz batzuk agertzen ziren, noiztenka. Baionan sortu naiz, Miarritzen bizi zazpi urteak arte, eta gero Greziara joan ginen sei urtez. Orduan, euskara... Ene gaztaroko oroitzapenak dira gehiago euskal gatazkaren ingurukoak. Baionako Saint-Bernard kolegioan nintzela, Iparretarrak talde armatuaren aferak iritsi ziren ene belarrietaraino. Bestela, euskararekin ukan dudan harreman estua izan da musika irakaslearekin: kasko gogorra bainintzen, ez nuen euskaraz kantatu nahi. Grezieraz bai, baina euskaraz ez nuela eginen! Halako batean, irakasleak erregela hori handi bat atera zuen, eta ene bizkar gainean jo! Erregela puskatu zen... Uste dut eragin ona ukan duela, baina geroago!

X. A.: Zerk zaitu, beraz, euskararen bidea jarraiarazi?
E. D.: Bordelera joan nintzen ikasketak egiteko, ikertzen aritzeko. Komunikazioa ikasi, lehenik, etnologia gero; pentsatu nuen familiako sustraiak sakonduko nituela. Tolosara joan, eta ene lehen lan-eremua maskaradak izan dira. Xiberora joan, berehala adoptatu naute, Barkoxen, etxe batean. Birusa bildu nuen, eta euskara ikasi! Oroit naiz Patrick Queheille batek, adibidez, zer indarrak egiten zituen haien kultura defenditzeko, sustraiak zabaltzeko, nortasunak zer boterea zuen! Ikerketa-liburuen eta errealitatearen artean, sekulako aldea bazegoen! Distortsio bat...

X. A.: Zein distortsio?
E. D.: Konturatu nintzen ikerlari franko xiberotarren tranpan erori zirela. Irudikatze fantasmagoriko batean erori dira! Xiberotarrek zabaldu ele guztiak edan dituzte, eta liburuetan hala agertzen da: dena polit, dena leun; zer hutsa! Fourquet izan da lehena hori hausten: hark zabaldu zuen atetik pasa naiz ni ere bai, hark hasi lana segitzeko. Puntu biziki interesgarriak daude: herri-kultura hori auto-gestionatuta dago, adibidez. Gaur egun, kulturaz hitz egitean, beti da instituzioekin dituen harremanak; salbu, horrelakorik ez dela Xiberoan. Konturatu nintzen egiazko askatasuna bazela gauzak errateko, isilpekoak agerrarazteko; ez dago zentsurarik: hori gabe, politika ere agertzen dela. Ohartzen zara, geroz eta gehiago, artisten aldetik auto-zentsura badagoela, zeren eta errekonozituak izan nahi baldin badute, instituzionalizatuak izan behar dute: beren burua zentsuratzen dute, ez baitute ertzean egon nahi, eta horretan konformatzen dira. Maskaradetan ez da horrelakorik gertatzen: auto-gestionatuak direnez, ez dute diru-laguntzarik galdegiten, ez dute inorekin zorrik!

X. A.: Xiberoko bi antzerki mota azpimarratu dituzu, zure liburuan...
E. D.: Antzerki ofiziala, ezaguna, kanpotarrentzat ere bai, udan: pastorala. Eta bestea: ez hain ezaguna, neguan iragaiten dena: maskaradak. Hor besterik da! Gauza bat azpimarratzen dut: ele-ekintza erresistentzia-ekintza dela. Heriotzaren kontrako erresistentzia. Maskaradetan badago bizia eta heriotzaren arteko dialektika. Dantzetan ere agertzen dena: emankortasun-erritua, adibidez. Hori ez da joko bat, baizik eta funtsezko beharra: jatekoarena.

X. A.: Errituak aipatu baitituzu: funtsezkoak ote dira, ala trabagarriak?
E. D.: Ez ditut oztopo bezala ikusten: erritua biziki dinamikoa da. Koadroa tradizionala da, baina herritarrek barnean sartzen duten mamia beti da berria! Horregatik segitzen da erritua. Gainera bizitzarekin harreman estua du. Erritua mozten denean, bizitza ere egiten da: hala gertatu zen, kasik, iazko maskaradekin. Ez dira bakarrik probintzia baten errituak: maskarada Euskal Herri osoaren erritua da. Nazio hein bat lortu dute. Pitxu pertsonaia denetan da ezaguna. Horrek erran nahi du Euskal Herri osoak ezin duela onartu maskaradarik ez dela gehiago eginen. Xiberotarrek erantzukizun hori ere badute.

X. A.: Belaunaldiz belaunaldi egiten den erritua ere badela jakinez, gainera...
E. D.: Dimentsio hori ere bada, egia da! Bost urteko haurrak zaharrekin nahas daitezke, eta hori da haria. Eta errituek, malguak izanez, eboluzio bat bermatzen dute. Garai batez, maskaradetan, buhamesak haur bat ukaiten zuen plazaren erdian: elizaren lobbyak debekatu zuen! Anitz gauza baitago jokoan, hala ere... Ele-ekintza da zapalkuntzaren aurkako borroka ere. Bizi dituzten sufrimenduetatik ihes egiteko aukera eskaintzen du.

X. A.: Baina elizak gauza bat debekatzea lortu duen puntutik, maskaradak hain libre dira?
E. D.: Gaur, bai. Eta geroz eta libreagoak dira. Trukaketek bakoitzaren hitza dute bermatzen, gainera. Barkoxen onartuko dute Larraineko presentzia, haiek errandakoa entzunen dute, onartuko dute. Zergatik? Barkoxtarrek ere ukanen baitute Larrainera joateko parada, errefera emateko! Trukaketak epe luzeetan izanik ere, funtsezkoak dira. Azpimarratu behar da Xibero osoak ez duela maskaradetan parte-hartzen. Maskaradak daude euskararen erresistentzia-guneetan. Eta gune horietan duzu bizi gehienik Xiberoan: euskararen eta biziaren arteko lotura estua badago.

X. A.: Zer pentsatu zenuen, iaz, nehor ez zelarik maskaraden antolatzeko, ikastolako ikasle ohiek lekukoa hartu zutelarik?
E. D.: Kultura, sorkuntza bezala, beti (ahal+nahi+jakintza praktiko) batetik dator. Eta ez "behar" batetik. Joanes Etxebarriak esaten duen bezala : "Hutsa ez beti bete behar. Lehenago ere izaten omen ziren urteak maskaradarik gabe, eta nahiz eta ni bezalako maskarada zale amorratu batentzat pena izan maskaradarik ez ikustea urte batez, ez dut nik hasteko, hutsune horren beldurrik." Psikologia mailan beharrezkoak dira maskaradak! Bisean biseko komunikazio hori beharrezkoa baitzaigu, jendakioi. Hori gabe, halako tira-birak sortzen dira, sanoak ez direnak, eta ez dituzte sare sozial birtualek konpontzen! Maskaradetan, badakizu, gainera, gauza guztiak aterako direla, zuk egin dituzun huts guztiak! Ni ez nintzen horretaz konturatzen, adibidez! Lehen bestan, gazteekin mozkortu nintzen, lasai-lasai... Ondoko astean, maskaradetan aipatua izan zen! Zer boterea! Baina oroz gain, maskarada da komunikazioa. Biziki dinamikoa da, eta inprobisazioa ere beti hor dago. Euskal kultura ez da liburuetan ikasten, praktikatuz baizik. Horrek erran nahi du jendea dela haria, jendeen arteko harremanak. Ez zara inoiz bakarrik. Hori eskas nuen frantses kulturan non Ni-a biziki inportantea den; euskal kulturan, Gu-ak sekulako garrantzia dauka. Nahi ala ez, elkartasuna badago. Eta hori, birsortzea izan da enetzat! Afrikan, Senegalen egon nintzenean baizik ez dut topatu horrelakorik.

X. A.: Egoera minorizatuak egiten du, elkartasun edo hurbiltasun hori?
E. D.: Bai, laguntzen du. Eta beste baten kontra ere da sortzen elkartasun hori. Euskal Herriak ez ditu etsaiak eskas! Euskal irria ere horretatik egiten da, beste baten kontra. Bertsolaritza ikertu dudanean ere, hori agertu zait. Horrela jokatuz, behar bada, auto-derisioa galdu dugu. Ez dakigu gehiago gutaz trufatzen.

X. A.: Horretarako ere ditugu buhameak erabiltzen, maskaradetan?
E. D.: Baliteke! Baina nik ez dut arrazakeria bezala ikusten. Gorriak dira bertakoak, mugitzen ez direnak. Beltzak dira nomadak. Xorrotxak, adibidez, herriz herri ibiltzen ziren. Herri batean entzun zituzten zurrumurruak ondoko herrira ekartzen zituzten. Hori da erritua. Kauterak ere horrela ibiltzen ziren, eta buhameak berdin! Gero, ados naiz garai beldurgarriak izan direla buhameekin, zinez ehizatuak baitziren. Baina maskaradan, ene ustez, molde orokorragoan ikusi behar dira. Eta xiberotarrek berek diote, gaur egun, buhameekin abertzaleak direla irudikatuak... Gisa guztiz, hobe sustrai sendoak ukatea munduari zabaltzeko, eta maskaraden funtzioa ere da hori.

X. A.: Munduari zabaltzea aipatzen baituzu, zuri autoko errotak hertu zizkizuten, Idauze-Mendin...
E. D.: Bai, baina jokoaren parte ere da! Hastapenean, ez nekien nola har, mugak non ziren. Beste anekdota bat: barkoxtarrak, Larrainera joatean, jendarmeen autoarekin jostatzen hasi ziren. Pitxu haien autoan sartu zen, eta jendarmeak zinez beldurtu ziren, pistola kasik atera zioten! Izanak dira istorioak! Indartsua da, ez da estetika hutsa. Karrikaren erdian, lurrean zaudelarik, bospasei lagunek beren azpian, konturatzen zara zer den... Baina hori dena da, antropologo batentzat, obserbazio parte-hartzailea. Maskaradak herritik egiten dira herriarentzat, eta hori dute atxiki behar, horrek baitie iraunkortasuna bermatzen.

X. A.: Zure liburua ez da ohiko tesiak bezala idatzia...
E. D.: Beste antropologo batek erran zidan hiltzera nindoala ene tesiarekin. Ene idazkera, hurbiltasuna ez zitzaion gustatu, objektibotasun eskasa leporatu zidan. Baina hark berak, bere ideologiatik hitz egiten zuen, sozialismotik: pentsa zein objektiboa zen! Jakin behar da enpatiak noraino eraman ahal zaituen. Liburu hori tesia da, baina ene bizipena ere bada. Oreka bat da aurkitu behar, eta hori da zailena. Osotasunak nau interesatzen.

X. A.: Laukia ez dukezu formarik gustukoena...
E. D.: Zaila zait karratuan sartzea! Libertarioa naiz... Aita anarkista nuen: zerbait utzi duke enegan! Ikerketatik sorkuntzara erraz uzten dut ene burua lerratzen. Transbertsala izatea dut bilatzen, baita aniztasuna. Teoriak, azkenean, munduak begiratzeko betaurrekoak dira. André Giordanen Apprendre! liburua argi-printza izan da, enetzat. Ekologiaren paradigman ongi naiz. Konfrontazioa bilatzen dut, ez dut eroso egon nahi ene mundu txikian. Jakintzan sartzeko, perturbazio kognitiboak behar dituzu, zerbait eraiki nahi baldin baduzu. Baina usu, beldurrarengatik ez gara irekitzen, kanpoko begirada ez baitugu onartzen. Zure zilborrari begira geratzen zara.

X. A.: Sorkuntzetan ere, euskarri anitza izaten duzu...
E. D.: Bai, baina sorkuntzan, testua da inportanteena. Testutik abiatuz, gai guztiak iker daitezke. Ikerketatik formaziora, hezkuntza, zibilizazioa, obra bera, obraren jasotzea... Horiek denak eta beren harremanak. Horregatik, artistak erantzunak eta galderak ekar ditzake obra batekin, baina testuak ditu aztarnak uzten molderik iraunkorrenean. Hartzea bezain inportantea baita ematea. Pentsatu ene esperimentuetatik ikasiko dutela ondokoek. Eta elkarrizketek funtsezkoak direla horretan. Teoriatik praktikara lerratzea zein garrantzitsua den berriki baizik ez dut ulertu.

X. A.: Osotasun hori ote da kultura?
E. D.: Guattarirentzat, kultura kontzeptu erreakzionario bat da: harekin ados naiz. Kultura-balorea bada, alde batetik, lehen sailkapen bat ekartzen duena. Eta merkantzia-kultura bada. Artetik errateko, maskaradak horretan ere dira interesgarriak, ez baitute deus saltzeko. Merkantzia-kultura horrek ekar dezakeena nahiko beldurgarria da: liburu azoka batean, adibidez, konturatzen zara jendeak zein jakin-min gutxi duen. Ezagutzen dutenera joanen dira! Zein formatatuak garen! Toki ezagun batetik bertze toki ezagun batera joatea. Bazterreko guztia ez da ikusten! Eta hedabideek ere badute joko horretan sartzeko ohidura: ezaguna ezagun atxiki, eta hor konpon. Pentsatzeko molde bakarrari zinez kasu egin behar dugu. Liburuen munduan ere deklinatzen da... Eta arima-kolektibo kultura ere badago. Begira Europako antropologoek nola lan egin duten Afrikan: mitologia, kantua, dantza... Dena zatitu dute, baina kultura zatiezina da! Jendartean artikulatua den gauza da. Instituzioetan ere, ezin duzu bulego bat egin dantzarentzat, bertze bat antzerkiarentzat... Etiketak hain dira erosoak... Baina bitxi da, gauzak kantonatu ahala, eta zentzua galtzen da; zuhaur ere galtzen zara. Gainera, berehalakoaren eta ahanztearen jendartean bizi gara. Desikonifikatu behar da dena; jendetik hasiz, beren presondegi publikoetatik ateraraziz. Denbora hartu, Xiberoan egiten badakiten bezala.