Artea
Erakusketa
Emakumeen 'Alter Ego'a aztertuz
Lide Kaltzadak eta Andrea Abaliak erakusketa ireki dute Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan. Biek faltsututako errealitateak eskaintzen dituzte.
Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskal Herriko Unibertsitateak artista gazteei bultzada emateko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horri esker, Lide Kaltzada eta Andrea Abaliaren artelanak jarri dituzte ikusgai, Batzar nagusietako erakusketa aretoan.
Emakumearen nazioarteko egunarekin bat eginez, emakumea protagonista duen Lide Kaltzada eta Andrea Abaliaren "Alter Ego" erakusketa jarri dute ikusgai. Bi artista gazteek faltsututako errealitateak eskaintzen dituzte euren artelanetan, azterketa lasaia eskatzen dutenak. Lide Kaltzadaren lanean, emakumeak eguneroko giroan ageri dira. Ikusleari atea ireki eta emakume horien intimitatean sartzeko gonbitea luzatzen du artistak. Bulimia ed ta deresioa bezalako gaiak jorratzen ditu. Andrea Abaliaren pertsonaiak aldiz, emakumezko anbiguoak dira, itxurak egin eta euren benetako izaera ezkutatzen dutenak. Artistaren beraren autoerretratuak dira. Bere burua mozorrotu eta nortasun anitzak erakusten ditu.
Bi artistek teknika ezberdinak erabiltzen dituzte. Batik bat, argazkia eta pintura uztartzen dituzte. Zinemaren eragina ere nabaria da, batez ere Andrearen lanean.
"Alter Ego" izeneko erakusketa apirilaren 6ra arte izango da ikusgai batzar nagusietako erakusketa aretoan. Sarrera doakoa izango da.