Artea
Katedra
Mikel Laboaren eredua, erdigune
Juan Kruz Igerabide da katedraren zuzendaria, eta EHUko Carlos Santamaria Zentroan dago bere egoitza. Mikel Laboa kantu-sormen lehiaketa egingo dute.
EHUk eta Gipuzkoako Aldundiak Hitzarmen bidez bultzatu dute Mikel Laboa katedra, euskal gizartearen ondare intelektual, humanistiko, kultural eta zientifikoa aberasteko helburuarekin, eta bereziki, arte-sorkuntza eta adierazpenei dagokien alorra sustatu, ikertu, eta nazioartean zabaltzeko. Juan Kruz Igerabide da Katedraren zuzendaria, eta EHUko Carlos Santamaria Zentroan dago bere egoitza.
Mikel Laboaren eredua erdigune izango da bide horretan, eta euskal folklorearen zenbait ildo ikertuko dira, beti ere saiatuz ikerturik ez dauden arloak bultzatzen. Aurten besteak beste, katedra ezagutzera emateko, doktorego-bekak eskainiko dira, Mikel Laboa kantu-sormen lehiaketa egingo da eta Laboaren lana Euskal Herritik kanpora ezagutzera emateko zenbait ekintza bultzatuko dira.
Aurkezpenean bultzatzaileak, hau da, unibertsitateko errektorea eta Gipuzkoako ahaldun nagusia, Marisol Bastida alargunarekin bildu dira. Bera da Mikel Laboaren ondarearen gordetzailea. Eskerrak eman dizkie guztiei katedrak Laboak egindako lana onestea helburu delako, eta garai txarretan ere artea ezinbestekoa dela gogoratu du.
Ekitaldian euskal kulturako izen propio ugarik hartu dute parte, baita alderdi politikoetako ordezkariek ere.