Artea
Guggenheim
Langabeek doan bisitatu dezakete Bilboko Guggenheim museoa
Erredakzioa
Eskaintza gaur abiarazi dute, eta langabeek pinakoteka doan bisitatzeko aukera izango dute urte amaiera arte.
-
Langabe bat Guggenheimera doan sartzeko txartelarekin. Argazkia:EFE.
Gaurtik aurrera, langabeek doan bisitatu ahalko dute Bilboko Guggenheim museoa. Izan ere, zentroko iturriek jakinarazi dutenez, pertsona horiei txartel bat egingo diete pinakotekara sartu ahal izateko, urte amaiera arte.
Guggenheim museoak langabeei elkartasuna adierazteko abiarazi du eskaintza, baita azken 15 urteetan "gizartearen izugarrizko onarpena" eskertzeko ere.
Doako sarrera lortzeko, langabeek euren lan-egoera ziurtatzen duen agiri ofizial bat aurkeztu beharko dute museoan. Hala, urte amaiera arte tokiko erakusketak bisitatzeko txartela jasoko dute.
Dokumentu horren jabeek, gainera, museoak martxan jarriko dituen ekimenen berri internet bidez jasotzeko aukera izango dute.
Erakusketen artean, nabarmentzekoa da ireki berri duten 'L'Art en guerre. Frantzia, 1938–1947: Picassotik Dubuffetera'.
Antzeko eskaintza abiarazi zuen otsailaren hasieran Bilboko Arte Ederren Museoak, langabeei arteaz gozatzeko sarbidea errazteko asmoz.