Itxi

Artea

Erakusketa

Oteizaren hiru eskultura saldu dituzte Bilbon; bat, 120.000 euroan

Oteizari eskainitako erakusketan, hiru lan saldu dituzte bakarrik: garestiena forjazko altzairuz egindako eskultura bat, bost aleko serie batekoa.

Bilboko Michel Mejuto galeriak Jorge Oteizaren hiru eskultura saldu ditu, horietako bat forjazko altzairuz egindakoa, 120.000 euroan. Pasaden astean amaitu zen euskal artistari eskainitako erakusketa. Bi hilabetean, Oteizaren 17 eskultura eta marrazki bat izan dira ikusgai: azken hamarkadetan merkaturatu den euskal artistaren bilduma ikusgarriena eta 9.000 eta 120.000 euro bitarteko salneurriekin. Michel Mejuto galeristak jakinarazi duenez, hiru lan saldu dituzte bakarrik: garestiena "Bi elementu hutsalen bikote baten elkartze dinamikoa" izan da, forjazko altzairuz egindako eskultura bat, beltzez margotua, bost aleko serie batekoa. 1974an egin zuen, 1957an egin zuen beste baten erreplika. 120.000 euroan saldu dute.

Saldu diren beste bi eskulturak lan bakarrak dira, 1958ko altzairu ilunketako "Kutxa hutsa" eta 1957an egindako "Esferaren desokupazioaren entsegua", patina zilarreztatukoa. Salneurria aurrekoarena baino baxuagoa izan da.

Mejuto oso pozik agertu da erakusketarekin: hiru eskultura soilik saldu dituzten arren, krisialdi egoera honetan gastuak betetzea lortu dute eta "diru apur bat irabaztea" ere bai. "Jende asko ibili da goiz eta arratsaldez; ezin dugu jakin zenbat jende ibili den, baina jende asko etorri da informazio eske, baita Txiletik ere". Aurten hamar urte betetzen dira egile gipuzkoarra hil zela eta horren omenaldi gisa egin dute erakusketa.