Artea
Izarren argazkilaria
Annie Leibovitzek Asturiasko Printzearen Komunikazio saria irabazi du
Erredakzioa
Egun bizirik dauden argazkilarien artean garrantzitsuena da askoren ustez, eta, besteak beste, John Lennon (biluzik) eta Isabel II.a erregina erretratatu ditu.
-
Annie Leibovitz argazkilari estatubatuarra argazki esposaketa baten aurkezpenean. Argazkia: EFE.
Annie Leibovitz argazkilari estatubatuarrak (Conneticut, 1949) Asturiasko Printzearen Komunikazio eta Humanitate saria irabazi du. Egun bizirik dauden argazkilarien artean garrantzitsuena da askoren ustez, eta gehien irabazten duena ere bada. Bere ibilbidean zehar, besteak beste, John Lennon, Bob Dylan, Barbra Streisand, Mick Jagger, Bruce Springsteen eta Isabel II.a erregina erretratatu ditu. Horretaz gain, mundu osoko aldizkari ospetsuenetako portadak bete ditu.
Familia judu bateko kidea da. Familiarekin mundu osoan zehar bidaiatu zuen, eta inguruko gauza guztiei argazkiak ateratzen hasi zen, iraganean bizi izandakoak etorkizunean gogoratzeko.
1970ean, San Franciscoko Arte Institutuan ikasketak amaitu aurretik, Rolling Stone aldizkarian lanean hasi zen, eta fotografia alorreko nagusi bilakatu zen handik hiru urtera.
1983an, bere argazkiek 142 portada ilustratu ondoren, aldizkari hori utzi eta Vanity Fair berriaren editorialean hasi zen lanean. 1998tik aurrera, Vogue-rako ere egin zuen lan.
80ko hamarkadaren hasieran, Libanoko gerraren berri eman zuen, eta, ordutik, fotokazetaritza alde batera utzi eta erretratuak egitea erabaki zuen. Hala, AEBetako kultura eta politika arloko argazkilaririk errespetatuenetarikoa bilakatu da Annie Leibovitz.
John Lennon musikaria erretratatzeko aukera mordoa izan zuen, eta horietako batzuk historiko bilakatu dira. Horien artean ezagunena Lennon biluzik Yoko Ono emaztea ohean besarkatzen erakusten duena da, 1980ko abenduan musikaria hil baino ordu batzuk lehenago egindakoa.
Leibovitzen argazkiak mundu osoko hainbat museotan eta galeriatan jarri dituzte ikusgai, baita Washingtongo Smithsonian Institutuko Erretratuen Galeria Nazionalean ere. Bertan, argazkiak erakutsi dituen lehenengo emakumea izan da, eta oraindik bizirik dagoela argazkiak erakutsi dituen bigarrena.
Argazkilari estatubatuarrak Magnum argazki-agentziaren eta Christiane Amanpour kazetari ingelesaren aurretik geratu zen epaileen azken bozketan. Asturiasko Printzearen 33. Edizioko Komunikazio eta Humanitate saria irabazi du Leibovitzek.