Itxi

Artea

Erakusketak

Artium, aurrera begira

Enrique Chagoyaren "Palimpesto canibal" eta Artium bildumaren 350 obra jasotzen dituen "Herri altxorra, errealitate ekonomikoak" erakusketa jasotzen ditu.

1:30
Artium

Artium museoak denboraldi berria aurkeztu du eta hurrengo bi erakusketak nabarmendu dituzte: "Palimpesto canibal" eta "Herri altxorra, errealitate ekonomikoak". Lehenengoaren egilea, Enrique Chagoya, Mexiko hirian jaio zen eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi da, eta Europako museo batean egingo duen lehen erakusketa izango da honakoa. Bigarrenak, berriz, Artium museoko bildumaren 350 obra jasotzen ditu.

Museoen eginkizunari buruzko gogoeta bat da "Herri-altxorrak, errealitate ekonomiak" erakusketa, museoak ondare komuna egiten eta sortzen den tokiak diren aldetik. Artiumen inoiz egin den erakusketa zabalena da, 350 artelan biltzen ditu, ezberdinak, baina aldi berean osotasun baten zati.

Juan Luis Moraza erakusketaren komisarioaren hitzetan, obra bat ez da besteak gabe existitzen eta erakusketa honetan, artelanak bereizirik begiratzeko ohituratik aldendu eta artelanen arteko harremanak bultzatu nahi dira.

Enrique Chagoya Mexiko Hirian jaio zen eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi da duela hogei urte baino gehiago. Mugaren bi aldeetan bizi izanaren ondorioz jasotako esperientziak ageri dira horren lanetan. "Palimpesto Canibal" erakusketak, besteak beste, kolonialismoa, zapalketa eta AEBen migrazio politika aztertzen ditu, baina beti gaiak ikuspuntu umoretsu batetik hartuta.

Artistak berak dioenez, lanaren zati batean, ispiluaren ideia izan du buruan, bertan alderantziz baina garen bezala ikusten dugulako geure burua.

Historiaren beste ikuspuntu bat, artearen bidez kontatua. Chagoyak Europan egiten duen lehen erakusketa da Gasteizkoa, eta bihar hasi eta urtarrilaren 12ra arte izango da ikusgai Artium museoan.