Artea
Urtarrilaren 26a arte
Dario de Regoyosen atzerabegirakoa, Bilboko Arte Ederren museoan
Erredakzioa
Espainiako inpresionismoaren erakusle garrantzitsuenetakoaren 130 bat lan bilduko dituzte bertan.
Dario de Regoyos margolariaren heriotzaren bigarren mendeurrena dela eta, Bilboko Arte Ederren Museoak artista asturiarraren atzerabegirakoa antolatu du. Erakusketa horrek 130 bat obra bilduko ditu, olio pinturak, pastel margoak, ur margoak, marrazkiak eta grabatuak tartean. Sorta oparo horren bidez, artistaren adierazpide, interes eta bilakaera estetikoa ezagutzeko aukera izango du ikusleak.
Bilboko museoak Regoyosek1884 eta 1912 bitartean Euskal Herrian igaro zuen denboraldiagatik eta mende aldaketan euskal margogintzari egin zion ekarpenagatik antolatu du erakusketa.
Regoyosen lanaren ibilbidean zenbait aldi bereizten dira. Lehen aldia, belgikarra, erretratuak eta paisaiak nagusi dituena da, eta argi efektuen interesa du bereizgarri nagusia. Jarraian, Regoyosek berak "Espainia beltza" izendatu zuen sailaren garaia etorri zen, filosofikoagoa eta sinbolistagoa, espainiar tradizioaren alderdirik ilunena islatzen duena. Beste garai batean, puntillismoaren teknikari eman zion arreta, Seurat, Signac eta Pissarro margolariekin zuen adiskidetasunak bultzatuta. Eta azken etapa, ezagunena, inpresionista izan zen; hain zuzen ere, aldi hori izango da erakusketaren ardatza, Regoyosek bere garaiko margolaritzan egin zituen berrikuntzak hurbiletik ezagutzeko aukera emango duten olio pinturen sorta oparoa biltzen baitu.
Bilbon izan ondoren, Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museora eta Malagako Carmen Thyssen Museora eramango dute erakusketa bertsio murriztuan.