Itxi

Artea

Erakusketa

Kanpoan utzi zuten Garmendiaren lana ere erakutsiko dute Guggenheimen

Museoak zalantzak zituen Iñaki Garmendia eskultoreak lan baten egile eskubideak errespetatu ote zituen, eta horregatik utzi zuen erakusketatik kanpo.

0:38

Guggenheim Bilbao museoak Iñaki Garmendia eskultore gipuzkoarraren lana "Prozesua eta metodoa" erakusketan onartzea erabaki du. Museoak zalantzak zituen Iñaki Garmendia eskultoreak lan baten egile eskubideak errespetatu ote zituen, eta horregatik utzi zuen erakusketatik kanpo. Museoko arduradunek esan dute Garmendiarekin eta Moises Pérez de Albéniz galeristarekin hitz egin dutela polemika amaitutzat emate aldera. Jorge Oteizaren eskultura batean oinarritutako lan bat da polemikaren erdian dagoena.

Ohar batean esan dutenez, "Iñaki Garmendiak konfirmatu du Ikaraundi-EQDALOS artelana erakusketan egotea onartu duela eta egitasmoaren asmo artistikoaren erreflexua dela". "Garmendiak museoaren gonbidapena eskertu du eta bere adierazpenek sortu duten egoeraz atsekabetuta agertu da", gaineratu dute oharrean.

Garmendia haserre agertu zen "Prozesua eta metodoa" erakusketaren aurkezpenean (Erlea Maneros Zabala eta Xabier Salaberria euskal artistek ere parte hartzen dute bertan), horretarako eskatu zioten lan berria ez zutelako onartu. Juan Ignacio Vidarte Guggenheim museoaren zuzendariaren aurrean egindako adierazpenetan, bere lanaren legezkotasunaren inguruko "alarma-hotsa" eman zuela-eta, museoak ez dakiela artistekin lan egiten salatu zuen. Garmendiaren esanetan, erakusketarako pieza berri bat enkargatu zioten, eta Oteizaren busto baten "berrinterpretazio bat" egitea erabaki zuen, baina, museoaren ustez, erakusketan parte hartzeko, Oteizaren oinordekoen onarpen legala behar zuen, egile eskubideak jasota. Vidartek aurkezpen ekitaldian bertan Garmendiari zuzenduta eman zituen azalpenen arabera, "indarrean dauden legeak bete" behar dituzte, eta horregatik erabaki zuten eskultura hori ez jartzea.

Artista komisarioaren adierazpenen aurka ere azaldu zen, "inoiz" ez zuelako pentsatu "arazo legalen bat izan zitekeenik". "Museoak ez balu alarma-hotsa eman, ez zen ezer gertatuko, ez baitira egile eskubideak urratu", gaineratu zuen. Garmendia, Maneros de Zabala eta Salaberri 60ko eta 70eko hamarkadetako artisten lanak ikus daitezke "Prozesua eta metodoa" erakusketan. Orain, gainera, hasieran kanpoan utzi zuten pieza ere izango da ikusgai.

Erakusketa otsailaren 16ra arte dago ikusgai.