Artea
Guggenheim
Ernesto Netok gorpuztasunaren aldarria paratu du Guggenheimen
Erredakzioa
Brasildar artistaren erakusketa ostiral honetan, hilak 14, zabalduko dute, eta maiatzaren 18ra arte egongo da museoan. "Ernesto Neto: Naraman gorputza"n, berrogeita hamar bat lan bildu dituzte.
-
"Danborra" (2010). Argazkia: Everton Ballardin © Ernesto Neto, Guggenheim Bilbao, 2014
Ernesto Neto brasildar artistak "Ernesto Neto: Naraman gorputza" erakusketa aurkeztu du Guggenheim Bilbao Museoan, ostegun honetan. Laurogeiko hamarkadaren erdialdetik gaur egun arte sortutako berrogeita hamar lan bildu dituzte bertan.
Netoren (Rio de Janeiro, 1964) erakusketa ostiral honetan, hilak 14, bisitatu ahal izango da lehenengoz, eta maiatzaren 18ra arte egongo da bertan, museoak iragarri duenez.
Instalazioen, eskulturen eta arkitekturaren bitartez ikusleen zentzumenei dei egitea da erakusketaren helburua, ikusleek esperientziak bizitzea.
Netoren lanak "zeharkatzeko, berorietan sartzeko, sentitzeko eta, zergatik ez, usaintzeko" sortuak dira. Hala, ikusleak haiekiko harremana izango du, bere gorputzaren, zentzumenen eta adimenaren bidez.
Lan hautatuetako batzuk Guggenheimeko espazioetara egokitzeko eraldatu ditu artistak, eta beste batzuk erakusketa honetarako egin ditu Netok beren-beregi.
Sentsualitatea eta gorpuztasuna ardatz dituzten eskulturen bidez, Netok giza harremanen ezaugarri komunetara heldu nahi du.
Netorena aurten Guggenheimen egingo duten erakusketa nagusietakoa da; martxoan, Yoko Onori buruzko atzera begirako erakusketa bat izango da.
Udan, Georges Braqueren beste atzera begirako bat jarriko dute ikusgai, eta Guggenheimen bildumetako lanak ere erakutsiko dituzte. XX. mendeko lanak izango dira bertan: Picassotik hasi eta arte garaikidera arte.
Bildumako lanen bigarren erakustaldia urrian etorriko da, eta XX. mendeko arte mugimendu funtsezkoak izango ditu gai nagusi: abangoardia historikoetako maisuak eta instalazio garaikideak uztartuko dituzte Bilboko museoan.
Ernesto Neto: "Gure pentsagaiei buruz pentsatu'
Brasildar artistak pentsatzeko gonbita egiten du bere lanetan, "pentsatzen duguna pentsagai hartzekoa". Merezi duen zerbaitetan pentsatzea nahi du Netok, ez "eguneroko publizitate mezuetan eta albiste txarren bonbardaketan".
"Gelditu egin behar dugu. Pentsatzea nahi dut. Zergatik pentsatzen dugu horrenbeste? Zertan pentsatzen dugu? Ez da hobe pixka bat itxaron eta pentsgai dugun horren inguruko hausnarketa egin?", galdetu dio bere buruari.
Lanetako batzuek gonbit hori, maila metaforikotik haratago, maila fisikoan ere egiten dute: bisitariak atseden har dezake erakusketan, artilez eginda eta sabaitik zintzilik dagoen ibiltoki batean, lasaiago, bere pentsamenduarekin bat egiteko.
"Oso garrantzitsua da arnasa hartu eta geure kasa pentsatu ahal izatea, buruan merezi duen zerbait izan dezagun. Telebistak, albiste txarrek eta autolaguntzako liburuek bonbardatzen gaituzte... Pentsatzeko ala ez pentsatzeko liburuak dira, halere, horiek?", ostera ere bere artean galdetuta.
"Gorputza" da aristaren ideia finkoetan bigarrena, "garamatzan gorputza", erakusketaren izenburuak dioen bezala, eta adimena "gorputz horren zati bat" soilik dela adierazi du Netok: "Gorputza zintzoagoa da; adimena, gaiztoagoa".
Horren aurrean, "pertsonek beste gorputz atal batzuekin pentsatzea nahi dut, bihotzarekin esaterako, eta ez daitezela gelditu espetxera, askatasunik ezara, garamatzaten joko kulturaletan".
Netoren arabera, denok gaude besteekin lotuta: "Pertsonok arnas egiten dugu, nire gorputzean sartu-irtenean ari den airea zugan sartuko da gero, nire barruan dauden molekulak zure barruan egongo dira".
Gorputza, hala berean, naturarekin lotuta dago: "Mundua gorputza bezalakoa da niretzat; lurra, gorputza bezalakoa. Lurra irudi edo pasaiatzat hartzen dugu askotan, baina, nire ustez, gorputza da, eta natura guregan dago".
Azkenik, baikortasunerako deia egin du Netok: "Bizitza ez da erraza, baina horrek ez du esan nahi mina, sufrimendua, direnik bizitzaren erakusgarri sakonenak. Ez, pozik egotea, bizimodu harmoniatsua izatea, bihotzez eta maitasunez bizitzea, naturala da".