Artea
Arte azoka
ARCOk 33. edizioa abiatu du
Erredakzioa
Galeristek txikitzat jotzen duten BEZaren jaitsiera epela dute hizpide artezaleek azokaren hasieran. Bi euskal galeria egongo dira Madrilen lanak erakusten.
ARCOmadrid Arte Garaikidearen Madrilgo Nazioarteko Azoka asteazken honetan hasi da, hogeita hamahirugarrenez. Aurten, "itxaropenez eta baikor" begiratzen dio panoramari Azokak.
Guztira, 23 herrialdetako 219 galeria izango dira Ifema Madrilgo erakustazokan, iaz baino gehiago, baina artista kopurua jaistearen alde egin dute antolatzaileek, bisitariek lasaiago egin dezaten bisita. Horrela, artelan bakoitza aztertzeko denbora gehiago izango dute bertaratzen direnek.
Aurten Finlandia da Arcoko herrialde gonbidatua. Leevi Haapala komisarioak bertako 13 galeria aukeratu ditu #FocusFinland izenburupean. Elina Brotherus, Anti Laitinen, Heta Kuchka eta beste hainbat artistaren lana jarriko dute salgai.
Euskal presentzia
Beste behin, bi euskal galeria izango dira Arcon, urte onenetan baino gutxiago: Altxerri donostiarra eta Carreras Mugica bilbotarra. Lehenak Selena Asins, Ignacio Uriarte, José María Yturralde eta Dicky Rekalde artisten lanak eraman ditu Ifemara. Bilbotarrek, berriz, Txomin Badiola, Eduardo Chillida, Pello Irazu, Erlea Maneros Zabala, Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Juan Pérez Agirregoikoa, Xabier Salaberria, Richard Serra eta Jessica Stockholder artistek egindakoak jarriko dituzte balizko erosleen begi-bistan.
Pintura, gora
Beste edizio batzuetan argazkigintza izan zen nagusi Madrilgo erakustokiko sabai altuen barruan; aurten, ostera, pinturak egin du gora galerien eskaintzan. Helga de Alvear galerista beteranoak adierazi duenez, "indartsu dator bueltan".
Besteak beste, artista garrantzitsu hauen lanak izango dira Madrilen: José Dávila (Travesía 4), Néstor Sanmiguel Diest (Maisterravalbuena), Alexandre Da Cunha (Sommer & Kohl), Elena Damiani (Revolver) eta Diogo Pimentao (Schleicher/Lange).
BEZa, behera
Aurten, galeristek abantaila txiki bat dute aurreko urteen aldean: artelanen lehen salerosketari aplikatzen zaion BEZa % 21etik % 10era jaitsi da. Jaitsiera horrek, nolanahi den, hautsak harrotu ditu, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak iragarri zuenetik.
Carlos Urroz azokako zuzendariak azaldu duenez, BEZaren maila "igo aurretik bezala" dago: "Artistari dagokion zerga (BEZ murriztua) eta birsalmentari aplikatzen zaion zatia (tasa normala) daude. Krisiaren aurretik ere, bizirik dauden artisten lanak saltzen dituzten galeriek BEZ murriztua aplika zezaketen; beraz, % 21 barik, % 15 aplikatzen dute, galeriari eta artistari dagozkion BEZak orekatuz".