Artea
'Bideak'
Donostia eta Eduardo Chillida, bideak berriz batuta
Erredakzioa
Kubo Kutxa aretoak Eduardo Chillidaren 130 lan erakutsiko ditu, ostiraletik aurrera, ‘Bideak’ erakusketan. Hiru espaziotan antolatu dituzte ikusgaiok, horietako bat ‘Haizearen orraziari’ buruzkoa.
1992tik Chillidaren inguruan Donostian egin duten lehen erakusketa handia Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak inauguratuko dute, eta ostiraletik, hilak 20, aurrera bisitatu ahalko da, asteartetik igandera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara, doan.
Chillidaren semeetako batek, Ignaciok, eta Carlos Ruiz Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendariak "teknikak ugari" batu dituztela azaldu dute, "artistak bere ibilbidean erabili zituenetako asko", hala nola harzuria. Erakusketako lan gehienak familiarenak dira, baina bildumazale pribatuek utzitako hainbat ere badaude.
Ignacio Chillidaren esanetan, "bide" kontzeptuak aitaren lanean izan zuen garrantzia azpimarratu nahi dute izenburuaren bidez. "Forma-estetikei begira eta kontzeptualki, pisu handia izan zuen horrek, eta inor gutxik aipatu du haren lanen analisietan”.
Kubo Kutxa aretoan, eskultoreak bere ibilbidean jarraitu dituen bide eta bidexkak erakutsi nahi dituzte: "Batzuetan norabide berean doazen lerroak, desbideratu egiten direnak, itzultzen direnak…". Eduardo Chillidak berak hartu zuen hizpide gai hori: "Batu egiten diren bideak, inoiz ez beti ezberdin baina inoiz ez beti berdin".
Halaber, hiru bloketan antolatutako erakusketak "artistaren ikuspegi hurbileko eta gizatiarrenari begiratzen dio, bertokoaren eta globalaren arteko elkarrizketari".
'Haizearen Orrazia'
Lehen erakusaretoa atontzeko, artistaren alde soziala hartu dute ardatz: bere lan publikoen bidez, gizartean uztartuta egon zen herritar bat erakusten dute. Espazio zentralean, berriz, arkitekturarekin harremanetan dauden lanak jaso dituzte eta azken aretoa "Haizearen Orraziari" buruzkoa da.
Eduardo Chillida Donostian jaio zen, 1924ko urtarrilaren 10ean. 1943an Madrilera joan zen, Arkitektura ikasteko asmoz, baina 1947an ikasketa horiek utzi eta Arte Ederren Zirkuluan sartu zen marrazkigintzan jardutera.
Hurrengo urtean, Parisera joan zen, eta eskulturgintzan hasi zen bertan. 1951an, Pilar Belzuncerekin ezkondu eta urtebetera, Hernanira aldatu zen, eta bertan ezagutu zuen burdina; ‘Ilarik’ material horrekin egindako lehen lana izan zen. Handik hiru urtera, Madrilen bere lehen erakusketa egin zuen, Clan arte galerian, eta lehen lan publikoa gauzatu zuen: Arantzazuko ateak.
1958an Eskulturaren Nazioarteko Saria irabazi zuen Veneziako 29. Biurtekoan, eta, harrezkero, hamaika sari irabazi ditu mundu zabalean. Munduko 20 museotan baino gehiagotan dago ikusgai haren lana, eta hiri askotan egin dituzte haren lanaren inguruko erakusketak: Berlin, Londres, New York…