Artea
Erakusketa
Juan Luis Morazak 'bere errepublika' aldarrikatu du Reina Sofian
N.V. | eitb.eus
Madrilgo museoak Juan Luis Morazaren “república” erakusketa inauguratu du Madrilen. Gasteiztar eskultoreak 1974 eta 2014 artean eginiko lanak daude bertan ikusgai.
Gaur, urriak 14, asteartearekin, Reina Sofia Madrilgo Museo Nazional eta Kultur Zentroak Juan Luis Morazaren “república” erakusketa zabaldu du, artista bera eta Joao Fernandez komisarioa bertan zeudela. Antologiak Juan Luis Moraza gasteiztar eskultoreak 1974 eta 2014. urteen artean eginiko lanen bilduma bat proposatzen du.
Museotik jakinarazi dutenez, bisitariek “Juan Luis Morazaren errepublika partikularra” ikusiko dute. Museora bertaratzen direnen pasibotasuna zalantzan jarriko dute etengabe, eta artista baten museo errepublikanoan, Morazaren errepublikan, sartzera gonbidatuko dituzte uneoro”.
Juan Luis Moraza Arte Ederretan doktorea da, EHUn, eta zazpi urtez izan zen bertan irakasle, Vigoko Arte Ederren Fakultateko Eskultura Departamentuan irakasle titular izan aurretik. Aurretik hamaika zentro eta unibertsitatetara gonbidatu dute, hala nola Marseillako Ecole de Beaux Artsera, Cuencako Arte Ederren Fakultatera, Madrilgo Estetika Institutura…
Morazak CVA (Comité de Vigilancia Artística) 1979tik 1985era indarrean egon zen taldea sortu zuen, Maria Luisa Fernandezekin. CVAk mugarria ezarri zuen artista kontzeptualen jardunbidean; izan ere, “jarrera artistiko berriek” toki egin zioten ingurumen artistikoaren eta erakusketa espazioaren kritika materialistari.