Artea
Urriak 25 eta 26
Guggenheimek doako sarrera izango du, 17. urteurrena dela eta
Erredakzioa
Urriaren 25 eta 26an, museora doan sartu ahal izango da. Atzo, gainera, Solomon R. Guggenheim Fundazioarekiko kudeaketa-hitzarmena beste 20 urterako luzatzeko asmoa iragarri zuen museoak.
Asteburu honetan, urriaren 25ean eta 26an, Guggenheim Bilbao Museoak hamazazpigarren urteurrena ospatuko du, eta doako sarbidea eskainiko du, “herritarrei euren babesa eta aintzatespena eskertzeko”.
Aukera ezin hobea izango da “Bisitariak” instalazioa ikusteko, azaroaren 2ra arte baino ez baita ikusgai izango, baita “Gure garaiko artea, Guggenheim Bildumen maisulanak” ireki berri den erakusketa aztertzekoa ere.
Azken erakusketa horrek Solomon R. Guggenheim Fundazioaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren hogei urteko lankidetza ospatzen du, eta, 1997an Museoaren inaugurazioko erakusketak bezala, erakusketa-areto guztiak hartzen ditu.
Horrez gain, “Bisitariak” (The Visitors, 2012) ikus-entzunezkoa ikusteko parada izango dute; Ragnar Kjartansson (Reykjavik, Islandia, 1976) artistaren lan hori bederatzi proiekziok osatzen dute, eta Rokeby landetxean egindako musika-ekintza bat jasotzen du (Rokeby Hudson ibaiaren arroan, New Yorkeko estatuan, kokatutako etxe historiko bat da). Azaroren 2ra arte izango da ikusgai.
Kudeaketa-hitzarmen berria
Halaber, Guggenheim Bilbao Museoak eta New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Fundazioak 1994an sinatutako kudeaketa- akordioa beste 20 urtez luzatzea adostu zuten atzo. Indarrean dagoen akordioa aurtengo amaieran bukatuko da.