Artea
Bideoartea
'The Krazyhouse' instalazioak dantzan jarriko du Bilboko Guggenheim
Erredakzioa
Film & Video aretoak Rineke Dijkstraren lana erakutsiko du martxoaren 1era arte; bost nerabe erakusten ditu lanak, kameraren aurrean bakarka dantzan.
Guggenheim Bilbao Museoak The Krazyhouse (Megan, Simon, Nicky, Philip, Dee), Liverpool, UK, 2009 Rineke Dijkstraren bideo-instalazioa aurkeztu du. Instalazio honetan, bost nerabek bakarka egiten dute dantzan kameraren aurrean, beren belaunaldiko musikari jarraituz, atzealde zuri baten aurrean.
Liverpoolgo The Krazyhouse dantzalekuan ezagutu zituen artistak gazteok, eta areto hartan bertan atondutako estudio inprobisatu batean grabatu zituen. Gazteen hiru laurdeneko planoak gazteen aurpegien lehen planoekin tartekatzen dira, haien aurpegi-espresioak argi eta garbi azaleratzeko. Gazte bakoitzak musika desberdina hautatu du, eta popa, heavy metala edo teknoa daude entzungai.
Rineke Dijkstrak (Sittard, Herbehereak, 1959) argazkian eta bideoan oinarrituta lan egin du laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik. Horren lanek, besteak beste, ikuslearen eta irudiaren artean sortutako harremanaz dihardute. Erretratuaren inguruko ikerketak nabarmentzen dira, eta nerabeen gaineko azterketak dira nagusi testuinguru horretan.