Itxi

Artea

Abuztuaren 29ra arte

Ayacatan sortutako artelanak Artiumera ekarri ditu Juan Hidalgok

Erredakzioa

70 urte zituela, Kanaria Handiko herrixka batera alde egin zuen artistak. 23 urtetan sortutako artelanak 'Desde Ayacata' izeneko erakusketan bildu ditu.

1997an, bere lan artistikoan eragina izango zuen erabakia hartu zuen Juan Hidalgo artistak. 70 urte zituela, Kanaria Handiko Ayacata herrixkan bizitzea erabaki zuen, han sorkuntza aldi eta ibilbide profesional berriei ekiteko. Desde Ayacata izeneko erakusketak 23 urte hauetan sortutako lanak biltzen ditu, eta abuztua bukatu arte izango dira ikusgai Gasteizeko Artium museoan.

Kanaria Handiko Las Palmasen jaio zen Juan Hidalgo, 1927an. Musikaria, poeta, argazkilaria, eta, guztien gainetik, diziplina anitzeko artista da. Mugak ezabatu eta sorkuntza zabaltzeko grina erakutsi du Hidalgok urteetan, eta abangoardien izaera irudikatzen du neurri handi batean. Sailkatzen saila den artista horietako bat da askorentzat Hidalgo, Abangoardiaren mugimendu ofizialetan ere kokatzea ez baita erraza.

Musika esparrukoak izan ziren bere lehen ikasketak, baina sorkuntzari buruz duen ikusmoldea dela-eta, artista multimedia da. Musika, poesia eta arte plastikoaren esparruan askatasunez mugitzen da, eta askatasun hori bere lanetan islatzen du: bere liburuetan, bere idazkietan, bere musika konposizioetan, bere performance eta arte ekintzetan, objektuen inguruan sortutako artelanetan eta argazkilaritzan.

Itsas mailatik 1.300 metrotara dago Ayacata, eta bertatik datorkigu artista polifasetiko baten lana. Gasteizko Artium museoan izango da ikusgai, abuztuaren 29ra arte.