Itxi

Artea

Elkarrizketa

'Premia baino gehiago da marraztea; ezin dut ogibidetzat hartu'

T. SAN JOSÉ | EITB.EUS

Ikuspegi artistiko originala dakar David Menendez bilbotarrak: haren artelanetan Gigerren eta Daliren arrastoak aurki daitezke. Bere obra ikusgai egongo da hilaren 21era arte Bihotza Kafetegian.

  • David Menendezen artelana. Argazkia: menenart.blogspot.com

    David Menendezen artelana. Argazkia: menenart.blogspot.com

Bizirik irauteko behar-beharrezkoa da berarentzat marraztea, artelanak bihozkadaz sortzen ditu, eta autodidakta da: horrelakoa da David Menendez artista (Bilbo, 1981). Marrazki finak, grafitoaren eta kolore bizien erabilera, emakumezkoen edertasun idealizatua, kosmosean edo natura-esparrutan kokatutako munstroak: horiexek dira, hain justu, Menendezen artelanen ezaugarri nagusiak. Obra horiek ikuslea harrapa dezakete, areago artistaren biografia ezagututa: ohiko irakaskuntza jorratu gabe, bere kabuz egiten eta egiten ikasi du, eta arte-merkatutik ihes egitea erabaki du, ez baitu sormen-askatasunik galdu nahi.

DAVID MENENDEZ ARTISTA BILBOTARRA BILBAO EITB

David Menendez.

Hondamen modura, 17 urterekin hasi zen bat-batean marrazten eta margotzen, urteetako depresio-egoera baten ostean. Ordutik hona ehunka obra sortu ditu, eta horietako parte bat ikusgai jarri du Bilboko Bihotza Kafetegian, uztailaren 21era bitartean.

Autodidaktatzat jotzen duzu zeure burua, ez baituzu arte-eskoletara jo. Zeintzuk dira erreferentzia gisa hartzen dituzun artistak?

-Inguratzen nauenari erabat irekita nago. Ez dut inoiz beste artistarik aztertu, edota Artearen Historia ikasi. 17 urte nituela, berriro marrazten hasi nintzen, eta marrazki-akademia batera eraman ninduen amak, baina bertan ez nuen ezer ikasi, eta nire kabuz jarraitu nuen. Erreferentetzat hartzen ditut HR Giger (Alien munstroen sortzailea), Salvador Dali eta Gustave Klimt.

Nolakoa da zure sormen-prozesua? Zerk inspiratzen zaitu?

-Marrazten hasi nintzenean, eztanda egingo balitz bezala izan zen, eta burua barrunbari zebilen ideiekin. 12 orduz jarraian ematen nituen margotzen, eta batzuetan ezin nuen ezta lorik ere hartu. Orain kontrolpean daukat ideien txorrota: lanean hasten naizenean, irekitzen dut. Amaitzean, berriz, itxi eta listo. Askotan ametsetako ideiak hartzen ditut, beste batzuetan kalean edo argazki batean ikusitakoa? Hori bai, ez ditut zirriborrorik egiten. Ideia buruan daukadala, zuzenean margotzeari ekiten diot.

DAVID MENENDEZ ARTELANA ITURRIA: menenart.blogspot.com

'Lurrak deitzen nauenean' ('Cuando la Tierra me llame').

Errepikatzen diren elementuak erabiltzen dituzu, esaterako, begiak (Daliren arrastoa atzeman daiteke). Zeintzuk dira zure obraren bestelako ezaugarriak?

Ez dut nahita gai bat edo bestea aukeratzen, burura etortzen zaidana baizik. Bai daude, ordea, komuneko elementuak: begiak, ilargiak, emakumezkoen gorputzak? Suposatzen dut inkontzientearekin lotutako esanahiaren bat izango duela.

Urteak eman dituzu Bilboko Uranga Galerian erakusketak egiten. Zer nolako garrantzia  izan du galeria horrek zure ibilbidean?

60-70 margolan inguru saldu ditut urte hauetan, eta % 85 bat Uranga Galeriaren bitartez. Erakusketak egin ditudanean, obra ugari saltzea lortu dut: Brasilen, Los Angelesen? Madrilera joateko aukera eskaini zidaten, bertako margolari batekin teknika berriak ikastera, eta New York edo Mexikora ere bidaiatzea opa zidaten. Arte honetan sakontzeko aukerak izan ditut baina, nire ustez, ogibide bezala ikusiz gero, margotzeak bere funtsa galtzen du.

DAVID MENENDEZ ARTELANA ITURRIA: menenart.blogspot.com

'Gargantua'.

Orduan, margotzea zure bizimodu bihurtzen saiatzeari uko egin zenion.

Uranga Galerian izan nintzenean, sei hilabete ematen nituen artelan berdinak egiten. Horrek dirua zekarren, baina nire askatasuna mugatzen zuen. Nahiago nuen nire ohiko lana izatea (erosketa-banatzailea naiz), eta bizi ahal izateko margolanak saltzearen mende ez egotea, hori zitala da. Erabaki egokia hartu nuelakoan nago. Artista ere diren hainbat lagun ditut, eta salgarria izan daitekeen edo ez den horrekin zoratuta dabiltza. Azkenean, ni libreagoa naiz. Niretzat margotzea lehentasuna da, nahi beste margotzen ez badut ere: astean 20-30 ordu, eta lehen 30-40 ordu. Beharra baino gehiago da margotzea, hori dela eta ezin izan dut inoiz hau ogibidetzat hartu.

Zure estiloak eboluzioa jasan du?

Itzela. Hiruzpalau urterekin, nahiko ondo marrazten nuen, baina motibazio faltak edo aitaren kritikak bultzatuta, utzi egin nuen. 17 urterekin berriro marrazteari ekin nionean, hasieratik ikasten hasiko banu bezala izan zen. Ordutik hona, aldaketa oso handia izan da: izan ere, orain kaletik noa eta edozer gauza nola margotuko nukeen pentsatzen hasten naiz. Hasieran lan hori hausnarketa baten ondorioa zen, orain automatikoki gertatzen zait. Beste aldea ere badago: hasi nintzenean, bi ordu gehienez jota eskaini ahal nizkion marrazki bati. Orain, berriz, lau hilabetez egon naiteke margolan batean lan egiten.

Artista jaio ala egin egiten da?

Egiten eta egiten ikasten da, lanaren poderioz dator hobetzea. Artisten arteko aldea lanorduak baino ez dira. Lana % 80 da, talentudun pertsona asko baitaude. Norberak diziplina izan behar du, garagardo batzuk hartzera joan beharrean, etxean geratzeko eta egunero bi ordu margotzen egoteko, egunerokoaren ondorioz akituta egonda ere. Horrek lagunduta egiten dezakegu hobera. Esamolde horrek dioen bezala, "kasualitatez, lanean harrapatzen nau beti inspirazioak".

DAVID MENENDEZ ARTELANA ITURRIA: menenart.blogspot.com

'Suzene'.

Sortzerako orduan, zure ikusleak dituzu buruan edo, erabat aske sentitzeko, ez duzu inorengan pentsatzen?

Nik ez dut publikoarengan pentsatzen, margotzea niretzako oso prozesu pertsonala delako. Ez nintzateke zintzo izango ikuslearengan pentsatuko banu. Niri gustatzen zaidana egiten dut, eta gustatuko litzaidake nire artelanak ikusten dituen batek obra zintzoa dela ondorioztatzea. Ez daukat bestelako asmorik, edo inor doktrinatzeko intentziorik.