Artea
Heriotzaren mendeurrena
Henri Rousseauren margolan adierazgarrienak, Guggenheim Museoan
Erredakzioa
Arte modernoaren aitzindarietako bat da Rousseau. Bihartik aurrera Frantziako artistaren 30 lan izango dira ikusgai Bilboko museoan, irailaren 12ra arte.
''''Moztu eta itsatsi'''' metodoaren bitartez konposizio bereziak sortzea zen bere estiloaren abiapuntua. Horrela, Rousseauk margotutako collage-ak sortzen zituela esan genezake. Bere ibilbide artistikoan gai desberdinak jorratu zituen: oihanaren margolanak izenarekin ezagutzen ditugunak, ohitura-eszenak eta erretratuak, beste batzuen artean.
Amateurismoren esparruan aritu bazen ere, XX.mendeko lehen erdialdeko arte modernoan eragina izango zuten hainbat berrikuntza tekniko ezarri zituen, eta bere lanek garaiko sorkuntza moduak erabat aldatu zituzten. Arte modernoaren aitzindarienetariko bat da Rousseau askorentzat, eta momentu hartako gazte sortzaileengan eragin handia izan zuen. Urteen poderioz, Picasso, Léger eta Max Ernst bezalako artistek ere Rousseauren obren iturritik edan zuten.
Frantziako artista berezi honen lana ezagutzeko Espainia mailan egin den lehen atzera begirakoa da hau, Guggenheimeko zuzendari Juan Ignacio Vidartek jakitera eman duenez. Bilboko museoak antolatu du erakusketa, Fondation Beyeler elkartearen lankidetzapean. Irailaren 12ra arte egongo da zabalik.