Itxi

Artea

Asteburu honetan, Bilbon

Ijito etniako emakumeek 'La casa de Bernarda Alba' taularatuko dute

Erredakzioa

Hurbiltasun Antzokia egitarauaren barnean eta Arriaga Antzokiak antolatuta, Lorcaren bertsio berezia taularatuko dute Bilboko BBK Aretoan aktore profesionalak ez diren emakume hauek.

Sevillako txabola-auzo batean bizi diren ijito etniako zortzi emakumek Bilboko BBK Aretoko eszenatokira igoko dira asteburu honetan La Casa de Bernarda Alba antzezlana taularatzeko. Federico Garcia Lorcaren obrarik ezagunenetariko hau TNT-Vacie ekoiztetxeren eskutik datorkigu. Pobrezia eta bazterkeria sozialaren aurkako Europar Urtea den 2010a dela eta, Estatuko hainbat hiritan antzeztuko dute obra.

Arrakasta handi eskuratu du egon den tokietan. "Edertasun kezkagarria, antzerki-magia hutsezko uneekin", horrela definitu du Financial Timesek antzezlana. Gainera, Canal Surek publikoaren saria eman dio.

XX. mendeko tragedia grekotik gertuen dagoen obra hartu dute La casa de Bernarda Alba. Pepa Gamboa eta Antonio Marin -zuzendaritza eta eszenatokiaren lanetan-, Damian Romero -eszenografoa- eta Virginia Serra -arropen arduraduna-, besteak beste, aurki ditzakegu ekoizpen honen atzean.

Saio bina eskainiko dituzte asteburu honetan: larunbatean, ekainak 12, eta igandean, ekainak 13, arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak salgai jarri dituzte 14 eta 18 euro bitartean BBK Aretoan, Arriaga Antzokiko txarteldegietan eta BBK-ko ohiko kanalen bitartez.

''Hurbiltasun Antzokia'' egitaraua Arriaga Antzokiak prestatu du. Ikuskizun orijinalak eta abangoardistak ekarriko ditu, eta eskaintza kulturala eta 2009-2010eko denboraldia osatzera dator.