Itxi

Artea

Ekainaren 19tik 26ra bitartean

Jesus Guridiren 'Mirentxu' izango da Maria Bayo Arriaga Antzokian

Erredakzioa

Estreinaldiaren mendeurrena ospatzeko, euskarazko opera honen muntai berria izango da Arriaga Antzokian ikusgai. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lagunduta, Maria Bayo sopranoa izango dugu protagonista.

Jesus Guridi euskal musikagilearen Mirentxu euskarazko opera Bilboko Arriaga Antzokira datorkigu, obra honen estreinaldiaren mendeurrena ospatzeko. David Gimenez zuzendari artistikoaren eskutik dator muntai berria. Eszenatokiaren gainean eta Maria Bayo soprano nafarra buru, Marife Nogales eta Andeka Gorrotxategi, besteak beste, izango ditugu entzungai. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko du musika partitura.

Amodiozko euskal opera lirikoa dugu Mirentxu. 1910. urteko maiatzaren 31an estreinatu zuten Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Manu eta Mirentxu bere alabaren istorioa du mintzagai. Aintzineko burdinola baten hondakinetan dagoen Errotatxiki izeneko errota batean bizi dira. Errotariaren iloba den Raimundoz maiteminduko da Mirentxu baina gauzak ez dira errezak izango, izan ere, Presen bere lagunminarekin batera, amodiozko hirukote arriskutsu bat sortuko baitute.

Hitzordua ekainaren 19tik 26ra bitartean izango da eta, guztira, lau saio eskainiko dituzte: ekainaren 19an, 22an, 24ean eta 26an, arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak salgai jarri dituzte 7,20 euro eta 38 euro bitartean Arriaga Antzokian, 944 310 310 telefonoan eta BBKn.