Artea
Ateak zabaldu ditu
Arteak eta industriak bat egin dute Chillida Lantoki museo berrian
Erredakzioa
Legazpiko garai bateko paper-fabrikan dago. Edurado Chillida eskultoreak industriarekin izandako harremana aztertzen du, eta bereziki burdina lantzeko prozesua erakusten digu.
Chillida Lantoki museo berriak gaur ireki ditu ateak Legazpin. Gipuzkoako herri honetako garai bateko paper-fabrikan kokatuta dago, eta Eduardo Chillida artistaren sormen unibertsoaren argazkiak, bideoak, proiekzioak eta euskarri interaktiboak biltzen ditu. Helburua artea eta industria uztartzea da, artistak burdinaren zein paperaren tratamenduarekin izandako harremana agerian uzteko. Bereziki, Chillidak Legazpiko Patricio Echeverriaren forja handiarekin eta geroago Reinosako Sidenorrekin izandako harreman du oinarri museoak.
Gaurtik aurrera, Chillidaren arte lan erraldoien sormen prozesua gertutik ezagutzeko aukera berria izango dugu, aldi berean lantegi baten ohiko jardunean murgilduz.
Chillida eta burdina
Behe-solairuan forjaren, suaren eta mailuaren unibertsoa da nagusi. Bertan eskultorearen tailerraren osagai ziren jatorrizko elementuak erakusten dira, eta agerian gelditzen da zein aldaketa jasan zuen Chillidak bere sutegitik forja handira pasatzean. Era berean, tailerretik fabrikara igarotzean artistak izandako eboluzioa ere izango dugu aztergai. Behe solairuko espazio honek Legazpiko Patricio Echeverria, S.A. fabrikako forja handiaren atal garrantzitsu bat osatzen zuten makina multzoa ere erakusten du. Makina hauei, eta langileen esperientziari esker, ikusi zuten argia Chillidaren altzairuzko eskulturetako askok.
Chillida eta papera
Fabrikak oraindik badu paper jarraituaren antzinako makina, eta haren presentzia aitzakia da paperak Eduardo Chillidarentzat izan zuen garrantzia nabarmentzeko. Papereko lanek barne izaeraz hitz egiten digute, euskarri hori baita Chillidak bere kezkak eta galderak era zuzenean mamitzeko erabilitako materiala.