Itxi

Artea

Abuztuaren 1a arte

'Fuenteovejuna', Erriberriko Antzerki Jaialdiaren azken txanpan

Erredakzioa

Mefisto Teatro taldeko aktore eta musikari kubatarrek taularatuko dute gaur antzezlan ezaguna. Zuzeneko musika ere eskainiko dute, Kubako musika tresnak erabiliz.

Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdia azken txanpan sartu da. Gaur, ostirala, hilak 30, Mefisto Teatro Kubako konpainia izango dugu eszenatokian, Fuenteovejuna klasikoaren bertsio berezia taularatzeko. Aurtengo edizioko azken lanetako bat dugu Fuenteovejuna, jaialdia datorren igandean bukatuko baita Macbeth, ¿quién es ese hombre ensangrentado? lanarekin.

Liuba Cidek zuzenduta, Lope De Vegaren lanaren moldaketa ''''berezi'''' eta ''''ezberdina'''' proposatzen digu antzezlanak: egungo Kubako antzerkiaren ikuspuntutik sortutako irakurketa berria. Kubako musikari eta aktoreak izango ditugu taula gainean, eta lanak berrikuntza bat ere badakarkigu: bertako musika tresna tradizionalekin, zuzeneko musika eskainiko dute. Lope De Vegaren istorioa eta Kubako folklore, antzerki eta musika uztartzen ditu Mefisto Teatroren proposamenak.

Igandean, abuztuak 1, bukatuko da aurtengo Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdia. Macbeth, ¿quién es ese hombre ensangrentado? izeneko lana izango dugu ikusgai azken egun honetan.

Alex Ruiz jaialdiko zuzendariak azken txanpa honetako lanak prentsaurrean aurkeztu ditu, eta egun antzezlan klasikoekin egiten ari denaren erakusgarri argi direla esan du. Aurtengo edizioaren nondik-norakoaz ere aritu da, eta balantze positiboa egin du. ''''2009an bezala, sarrerak agortu egin dira, eta aurreko urtean baino lehenago, gainera'''', esan du.