Itxi

Artea

Antzerkia

Pastora Vegaren eta Juan Riboren 'Una relación pornográfica', Bilbon

Erredakzioa

Campos Eliseos Antzokian taularatuko dute antzezlana, Manuel Gonzalez Gilen zuzendaritzapean. Igandera arte izango da ikusgai.

Pastora Vega eta Juan Ribó aktoreak Bilbon ditugu, Una relación pornográfica antzezlanarekin. Liaison Pornographique (Frantzia, 1999) filmaren moldaketa da lana, eta Bizkaiko hiriburuko Campos Eliseos Antzokian izango dugu ikusgai datozen egunotan. Emanaldiak ostegunean hasiko dira, abuztuaren 5ean, eta azken emanaldian igandean egingo dute, hilaren 8an.

Manuel Gonzalez Gilen zuzendaritzapean, ekainaren 11an estreinatu zuten Bartzelonan. Ordutik berrogei emanaldi baino gehiago eskaini dituzte Pastora Vegak eta Juan Ribok, baina, aurkezpen prentsaurrekoan aitortu dutenez, ''''emanaldi bakoitza bidaia ezberdina da, publikoaren araberakoa''''.

Bikoteak amodio istorio berezia gogoratuko du Una relación pornográfica lan honetan. Aldizkari bateko iragarki baten bidez elkar ezagutu ondoren, harreman erabat sexuala izateko akordioa egingo dute bi pertsonaiek. Publikoak ikusiko ez duen pertsonaia batek harreman horren inguruko elkarrizketa egingo dio bikoteko kide bakoitzari.

Pastora Vegarentzat bizitzaren inguruko hausnarketa da antzezlana, ''''bizitzea oroitzapenak biltzea eta gogoratzea dela agerian uzten duena''''. ''''Amodioagatik sufritzeko beldurraz eta heldutasunaz hitz egiten digu'''', esan du protagonistak. ''''Izan ere, munduari so egiteko moduak ere aldatu egiten dira, ez baita berdina egoerari 30 urterekin ala 50 urterekin aurre egitea'''', gaineratu du.