Itxi

Artea

Kutxa Boulevard aretoetan

'San Telmo Museoa. Zatoz ezagutzera' erakusketa ireki dute, Donostian

Erredakzioa

Donostiako San Telmo museoaren zaharberritze lanen prozesua biltzen du erakusketak. Sarrera doakoa da eta irailaren 5era arte izango da zabalik.

Irailaren 5era arte izango da ikusgai San Telmo Museoa: zatoz ezagutzera erakusketa, Donostian. Kutxaren Boulevard aretoetan aurkezten den erakusketa honek San Telmo Museoaren berrikuntza proiektua eta prozesua azaltzen ditu, eta baita nolakoa da 2011n berriro ateak irekiko dituen museoa. Aretoen egitura baliatuz erakusketaren edukiak ere horrela antolatu dira bisitariak berritze prozesua ondo jarraitu ahal izateko.

Behe solairuan mendea betea duen museo honen historiari errepasoa egiten zaio: bildumak, museoan burututako ekitaldiak, erakusketak, jarduerak, bilakaera eta azkenik, berritzeko beharra eta lehen proiektuak.

Zero solairuan Nieto Sobejano arkitektura estudioaren proiektua azaltzen da, eta eskuhartzearen gakoak: eraikin historikoaren zaharberritzea eta errekuperazioa, museoaren zabaltzea eraikin berriaren bitartez, bere fatxada berezia eta museoko barne espazioen antolaketa.

Lehen solairuan, San Telmo berria zertan datzan azaltzen da, bai eta definizio horretara iristeko egin den lan prozesua: diskurtsoaren eraketa adituen laguntzaz, erakusketa iraunkorra, erakundearen ondare eta kultura proiektua, bere helburuak eta asmoak. Erakusketaren solairu honetan, gainera, museoaren publikoak zeintzuk izango diren azaltzen da, eta horrekin batera bere burua bertan islatua aurkitzen ez duen edozein pertsonak bere ekarpena egiteko aukera dago, publiko espektro hori aberastuz.