Itxi

Artea

Bilbon

Henri Matisse gertuagotik ezagutzeko aukera, 40 grabaturen bidez

Erredakzioa

Frantziako margolariak XX. mendeko arte modernoaren oinarriak jarri zituen. Bilboko erakusketak bere ibilbidea berrikusten du.

Urriaren 30era arte, Henri Matisse (1869-1954) artistaren 40 grabatu bildu ditu Bilboko BBK Fundazioaren erakusketa gelak. XX. mendeko garapen plastikoan bereziko papera izan zuen artista frantziarrak.

Matissek teknika hau erabiliz sortutako lanak berrikusteko, eta, aldi berean, margolaria gertu-gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen digu erakusketak. Bertan ikusgai dauden lanak 800 grabaturen artean aukeratu dituzte. Horrela, Bilbon ikusgai dugu jada Henri Mattisse gravant (1900-1903) bere lehen grabatua eta artistak egindako azken lanetako bat ere, Trois têtes. A l''amitié (1951-1952). Bere biloben erretratua da azken hau.

Martine Soria erakusketako komisarioak gaur aurkezpenean esan duenez, Matisserentzat grabatua eta marrazkia ez ziren bere lana hedatzeko teknikak. ''''Barne-barneko sorkuntzarako espazioa ziren grabatua eta marrazkia'''', gaineratu du. ''''Beti uste izan dut marrazketa ez dela gaitasun berezi baten ariketa hutsa. Marrazketa barneko sentimenduak adierazi eta barne egoerak jakitera emateko modua da'''', esan zuen artistak 1939an.

Picassorekin batera, XX. mendeko bilakaera plastikoan funtsezko eragina izan duen artistetako bat dugu Matisse. Bere ibilbide profesional guztian zehar landu zituen grabatuak, eta ''''oreka, garbitasuna eta lasaitasuna lantzeko artea'''' bilatu zuen, artistak berak garai batean adierazi bezala.