Itxi

Artea

Aurkikuntza

Oroimenaren maleta: Gerra Zibileko argazki argitaragabeak

Erredakzioa

New Yorken zabaldu berri duten erakusketan Espainiako Gerra Zibilean borroka egin zuten soldaduen argazkiak ikus daitezke. Robert Capak galdu eta Mexikon aurkitu berri duten maleta batean zeuden.

David Seymour argazkilaria, Chim ezizenaz ezaguna, Espainiako Gerra Zibilean egon zen, errepublikanoen alboan, eta garai horretako egonaldi berezienetakoa Euskal Herrian egin zuen, Zornotzan. Hain zuzen, orduan baserri baten babesean zeuden baserritar eta gudarien argazkien negatiboak ikus daitezke erakusketan: fraideek eskainitako babesa, apaizek egindako hileta elizkizunak, pertsona askoren erretratuak... Inoiz argitaratu ez diren argazkiak dira, garrantzi historiko handikoak eta bereziki bitxiak, gudu-zelaitik kanpo ateratakoak baitira.

1939an galdu zen materiala. Robert Capak, faxistengandik ihesi, Estatu Batuetara jo zuen eta Gerra Zibilean bildutako material grafikoa laguntzailearen eskuetan utzi zuen, Parisen. Capak, Gerda Tarok eta David Seymourrek ateratako argazkien negatiboak ziren, hiru kutxatan gordeta. Laguntzailea ere judua zen, baina, eta horrek ere ihes egin behar izan zuen, maleta Mexikoko diplomaziaren bulego batean utzita. Francisco Aguilar jeneral mexikarraren ondorengoek aurkitu zuten azkenik eta, bidean hainbat geldialdi egin eta gero, New Yorkeko International Center of Photographyra iritsi zen maleta.

Barruan, 4.000 iruditik gora aurkitu zituzten, guztiak ere argitaragabeak, eta horietako asko eskaneatu egin dituzte. Aukeraketa sakona eginda, urtarrilaren 9a bitartean irekita egongo den Mexikar maleta erakusketa antolatu dute New Yorken. Datorren urteko udazkenetik aurrera, Bartzelonan izango da ikusgai, hiriko arte museo nazionalean.

Aurkitu dituzten irudien artean ez dago Miliziano errepublikano baten heriotza Robert Capak egindako argazki ezaguna. Horren benetakotasunaren inguruko eztabaidak luzaro jarraituko du, beraz....