Artea
Erakusketa
Goyak Espainiako Gortearentzat eginiko lana, Bilboko Arte Ederren Museoan
eitb.eus
Bilboko Arte Ederren Museoak Aragoiko pintorearen 96 lan jarriko ditu ikusgai, besteak beste “La gallina ciega”, “La vendimia o El Otoño” eta “El pelele”.
Bilboko Arte Ederren Museoak “Goya eta gorte ilustratua” erakusketa jarriko du ikusgai bihartik, otsailak 14, maiatzaren 28ra arte. Prado Madrilgo museoak utzitako 72 obratan oinarrituta, guztira 96 lan jarriko dituzte ikusgai Bizkaiko hiriburuan, Goyak Espainiako gorteko margolari gisa egindako lanean sakonduko dute, lehen aldiz modu monografikoan.
Bilbon pintoreari inoiz eskainitako lehen erakusketa izango da, eta, hartara, gortea XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran Euskal Herrira nola heldu zen ere erakutsiko dute, horretarako hamaika euskal herritarren erretratuak erakutsiz, hala nola Cabarruseko kondearena edo San Adriango markesarena.
Goyaren mihise eta kartoiez gain, XVIII. mendeko hainbat margolari garrantzitsuren (Luis PAret, Mariano Maella, Jose del Castillo, Luis Melendez, Antonio Carnicero, Lorenzo Tiepolo) lanak ere paratu dituzte erakusketan; horrela agerian gelditzen da Aragoiko artistaren originaltasuna, arduradunen esanetan.
Azkenik, Goyak idatziriko eskutitzak, miniaturak eta hainbat dekorazio gai ere ikusi ahalko dituzte bisitariek.