Artea
Asteburu honetan
Bilboko Nazioarteko Txontxongilo Jaialdiaren azken txanpa
Erredakzioa
Donostiako, Kataluniako eta Madrilgo konpainien txontxongilo lanak izango ditugu ikusgai, igandera bitartean, Bilboko Campos Eliseos Antzokian.
Igande honetan agur esango diogu Bilboko Nazioarteko Txontxongilo Jaialdiaren XXIX. edizioari. Azken zazpi egunetan, Espainiatik, Argentinatik, Italiatik, Bulgariatik, Mexikotik eta Kubatik datozen konpainiek euren txontxongilo ikuskizunak erakutsi dituzte Bilboko Campos Eliseos Antzokiaren oholtza gainean.
Granadako La guinda antzerki taldeak hasiera eman zion jaialdiari pasa den azaroaren 12an. Velo y pluma emanaldia aurkeztu zuten. Asteburu honen bitartean, guztira, hiru saio eskainiko dituzte. Larunbatean, azaroaren 20an, Maese Villarejo Madrilgo konpainiak mota guztietako publikoari zuzendutako obra antzeztuko du: Las aventuras de Gorgorito. La Finisima talde katalanaren gazteei eta helduei zuzendutako Samsara lanak larunbat gaua alaituko du.
Igandean, txontxongiloen euskal talde batek urrezko amaiera emango dio aurtengo edizioari. Gar Produkzioak konpainia donostiarrak 5 urte bitarteko umeentzako Arrastro Bluak ekoizpena eskainiko du.
Honekin batera, ''Txontxongiloak Asian, figurentzako tartea'' izeneko erakusketa hartuko du Bilboko Barrainkua Kultur Etxeak. Datorren azaroaren 26ra arte egongo da zabalik. Gainera, lau titiritero ospetsuen ibilbidea omenduko dute, hala nola, Sarah Bianchi eta Hector di Mauro argentinarrak, Dora Alonso kubatarra, eta Alberto Mejia Baron mexikarra.