Artea
Erakusketa kolektiboa
Getxoartek, arte gaztearen bilguneak, hamar urte bete ditu
Erredakzioa
Margoak, argazkiak, marrazkiak, grabatuak eta ikus-entzunezkoak izango dira abenduaren 3tik 5era Areetako Geltokia plazako karpan.
Abenduaren 3tik 5era Getxoarte Arte Sortu Berrien Aretoaren 10. ekitaldia izango da. Aurten 62 artista gaztek parte hartuko dute ekimen horretan eta Euskal Herriko arte plastiko eta bisualen sorkuntza berria bultzatzeko eta sustatzeko asmoa du. Ohi bezala, erakusketa Areetako Geltokia plazako karpan izango da eta bertan, bisitariek hainbat lan-mota izango dituzte ikusgai: pinturak, argazkiak, marrazkiak, grabatuak eta ikus-entzunezkoak, besteak beste.
Orain dela hamar urte sortu zen Getxoarte, Arte Sortu Berrien Aretoa, arte proposamenik gazteenak erakusleiho bilakatzeko eta, era berean sortzaile berriek euren lana ezagutzera emateko asmoz. Gainera, artista gazteek esperientzia praktikoa dute Getxoarten eta haien lanetan interesa duten pertsonekin zuzeneko harremana izan dezaten, bai publikoko jendearekin bai sektoreko profesionalekin. Horrela, era natural eta profesionalean, parte hartzaileek, inolako oztoporik gabe, haien lanak gustuko dituzten ikusleekin hitz egin dezakete zuzenean.
Hiru egunez Areetako Geltokia plazako orain arte anonimo izan diren baina etorkizun oparoa duten artisten lanen erakustoki erraldoia izango da. Erakusketak oso genero ezberdinak hartzen ditu: pintura, eskultura, argazkia, bideoa, marrazkia eta grabatuaz gain, estetika erlazionaleko lanak egongo dira ikusgai. Horrela, ekitaldi honetara datozen bisitariek ikuspegi oparoa izango dute begien aurrean.
Getxoarten aukera artistiko guztiak sartzen dira, proiekturik pertsonalenetatik hasita eta taldeko proiektuetaraino. Gainera, euskal arte produkzio garaikidearen orainaren eta etorkizunaren irudi bizia da. Aurtengo partaide gehienek Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean ikasten dute. Getxoartek lankidetza estua dauka fakultate horrekin hain zuzen ere.