Itxi

Artea

Txinatar artea

Guggenheimeko erakusketa batean animaliak erabiltzearen aurkako protesta deitu dute

Agentziak | Erredakzioa

Arte Ederretako ikasleen talde batek kontzentrazioa deitu du ostiralerako, museoaren aurrean, “Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia” erakusketan animaliak erabiltzearen aurka.

  • Bi txerri elkarrekin kopulatzen ikusten dira erakusketako bideo batean

    Bi txerri elkarrekin kopulatzen ikusten dira erakusketako bideo batean

Arte Ederretako Leioako fakultateko hainbat ikaslek, elkarte antiespezista batean antolatuta, ostiralean Guggenheim museoaren aurrean kontzentratzera deitu dituzte herritarrak, egun horretan bertan inauguratuko den Txinako arte garaikideari buruzko erakusketan animalia “bizi eta doilortuak” erabiltzearen aurka.

“Adierazpen askatasunaren aitzakian, Guggenheim museoak maiatzaren 11tik irailaren 23ra hartuko duen erakusketan bizirik dauden animaliak erabiliko dira, elkarrekin bizitzera eta elkar jatera behartuta, baita gorputz osoan letrak inprimatuta dituzten txerriak erakusten dituen bideo bat proiektatu ere, non elkarrekin kopulatzen agertzen baitira publikoak inguratuta”, adierazi dute ohar batean.

Horren aurrean, ikasle taldeak animalien erabileraren eta esplotazioaren aurkako “kritika aldarrikatzailea” egingo du ostiraleko bilkuran, eta sinadurak biltzeari ekin diote Interneten, horrelako lanak erakustearen aurka.

“Animaliak ez dira errekurtsoak, eta ez daude gure esku ezein etekinetarako”, dio idatziak amaieran.

“Adierazpen askatasuna”

Museoaren ordezkariek esan dutenez, hainbat profesionalekin harremanetan jarri dira erakusketako narrasti eta intsektuen egoera zain dezaten, eta hautsak harrotu dituzten lanak erakusteko erabakiaren oinarrian artisten adierazpen askatasunarekiko errespetua dagoela adierazi dute.