Itxi

Artea

Artitz

Guggenheimek euskarazko funts dokumentala bildu eta kontsultagarri jarri du

Agentziak | Erredakzioa

Artitz izeneko funtsak museoan egindako 44 erakusketaren 1.300 dokumentu (testu eta saio akademikoak, azalpen testuak…) gordetzen ditu.

  • Juan Ignacio Vidarte, Lorea Bilbao eta Bingen Zupiria, Artitzen aurkezpenean

    Juan Ignacio Vidarte, Lorea Bilbao eta Bingen Zupiria, Artitzen aurkezpenean

Guggenheim Bilbao Museoak 21 urtean behin-behineko erakusketetarako euskaraz sortu dituen testuen funtsa webgune batean bildu eta guztion eskura jarri du, artezaleek, profesionalek eta ikasleek kontsultatzeko moduan.

Dokumentu funtsak 44 erakusketatako 1.300 dokumentu ditu egun, 1997koetatik hasita, eta “Artitz” izeneko plataforman bildu dituzte horiek guztiak, museoaren webgunean ikus daitekeenez.

Kontsultarako tresna digitala gaur aurkeztu dute kazetarien aurrean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak; Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatuak; eta Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak.

Plataforman, testu hauek gorde dituzte: erakusketa aretoetan jartzen diren testuak; erakusketekin batera eta horiek laguntzeko lantzen diren eduki didaktikoak; eta erakusketa bakoitzerako egiten den micrositean landutako iruzkinak.

“Funtsezkoa da euskara bazter guztietara iristea, abiatzen den proiektu orotan garrantzitsua izatea, eta, horren ildotik, Artitzek agerian uzten du euskara beti dela balio erantsia”, adierazi du Lorea Bilbaok.