Itxi

Artea

Cervantes Institutuan

Euskal Antzerki eta Dantza Konpainia New Yorken estreinekoz

Erredakzioa

Oscar Wilderen eskutitzaz osatutako 'De profundis' antzezlana taularatu du asteburu honetan, Manhattaneko Cervantes Institutuan, Iker Ortiz de Zarate aktore euskaldunak sortutako taldeak.

Iker Ortiz de Zarate aktore gasteiztarrak sortutako Euskal Antzerki eta Dantza Konpainia New Yorkeko Cervantes Institutuan izan da lehen aldiz, Oscar Wilde idazle irlandarrak kartzelan idatzitako eskutitzaz osatutako De profundis lana taularatzeko.

"Oso testu berezia da eta nire ibilbide profesionalerako aurrerapausu bat izango da", azaldu du Ortiz de Zaratek, "izan ere, ordubete eta 40 minutu emango ditut bakarrik lehendabizi oholtza gainean".

Gaztelaniaz osorik antzeztuko dute obra hau eta Wilde idazleak bere maitale ohiari espetxetik bidalitako eskutitzaz osatutako monologoa da. "Wildek bere ahultasunak eta huskeriak onartu zituen eta eskutitz haietan era lazgarrian azaldu zituen. Antzezlan hau zoragarria da eta testua, paregabea", gaineratu du Ortizek.

Euskal Antzerki eta Dantza Konpainia Y ahora izenburuko lana estreinatzera doa datorren ekainean. Ortiz de Zaratek berak idatzita, ekaitza dagoen gau batean Euskadiko baserri batean aurkitzen diren bi emakumeen istorioa du mintzagai.

Bata ETAk hildako baten alarguna eta medikua da eta baserrira doa gaixorik dagoen pertsona bat bisitatzera. Gaixorik dagoen zaintzailea, berriz, bestearen senarra hil zuen ETAko kidearen ama da.

"Ez da gai erraza eta bertara hurbilduko gara errespetu eta etika handienekin", adierazi du gasteiztarrak, "ez da gure asmoa gure esku ez dauden irtenbiderik ematea". Ortiz de Zaratek argitu duenez, Gasteizen estreinatuko dute obra hau.