Artea
Dantzaren Nazioarteko Eguna
Igor Yebra Bilbon izango da berriz, 'Giselle' lana taularatzeko
Erredakzioa
Campos Elíseos Antzokian arituko da, apirilaren 29an eta 30ean. Yebrarekin batera, taula gainean izango ditugu Oxana Kucheruk Ukrainiako dantzaria eta Lituaniako Nazioarteko Balleteko kideak.
Igor Yebra dantzaria Bilbon izango da apirilean, Giselle lan ezagunarekin. Bizkaiko hiriburuko Campos Eliseos Antzokian taularatuko du askorentzat erromantizismo garaiko balletean pieza nagusiena dena. Apirilaren 23an eta 30ean izango da hitzordua, Dantzaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez.
Bi emanaldietan Oxana Kucheruk Ukrainiako dantzaria izango du lagun. Yebra bera bezala, Bordeleko Opera Balleteko dantzaria dugu Kucheruk. Lituaniako Ballet Nazionalaren laguntza izango dute Bilboko emanaldietan.
Parisen estreinatu zen Giselle, 1841ean, eta Albrecht dukeak Giselleri egindako iruzurra du hizpide. Téophile Gautier eta Jules-Henri Vernoy egileena da libretoa, eta Adolphe Adamek sinatu zuen musika. Bilbon ikusgai izango den lanaren koreografia Jean Coralli eta Jules Perrot artistena da.
Giselle lanaren Bilboko bi emanaldiak Igor Yebrak Estatuan eskainiko dituen bakarrak izango dira. Izan ere, Estatuan zehar bira egingo du Bilboko dantzariak, baina La bella durmiente lana aurkezteko. Oviedon, Vigon, Coruñan eta Gijonen izango da azken lan hau ikusteko aukera.