Artea
Profesionalak eta ikasleak
Mila dantzarik ospatuko dute Dantzaren Hilabetea, Gipuzkoan
Erredakzioa
Maiatzaren 1ean bukatuko da hamaseigarren edizio hau, Dantzaren Nazioarteko Egunaren Gala ospatuta. Ohi bezala, barra erakustaldia ere egingo dute 800 dantzari gaztek.
Mila dantzarik baino gehiagok hartuko dute parte apirilean Dantzaren Hilabetea ospatzeko jardueretan, Gipuzkoako hainbat herritan. Kaleko ikuskizunak eta barra erakustaldiak izango ditugu datozen asteotan Gipuzkoan. Atarikoa baino ez dira izango, ordea: apirilaren 30ean Dantza sariak banatuko dituzte, eta maiatzaren 1ean Dantzaren Nazioarteko Egunaren Gala egingo dute.
Urtero bezala, apirilaren 29an ospatuko da nazioarte mailan Dantzaren Eguna, eta, ospakizun horrekin bat eginez, dantza sustatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Gipuzkoan. Igandean ekingo diote programaziori, Lasarte-Orian. Gipuzkoako dantza eskoletako hainbat ikaslek 19 ikuskizun taularatuko dituzte, ballet klasikoa eta tendentzia berriak uztartuz.
Apirilaren 16an Dantza Kalean programaren txanda izango da. Donostiako udaletxeko terrazetan eta Alderdi-Ederreko lorategietan egingo dituzte emanaldiak, jazza, funkya eta dantza garaikidea jorratuta.
Dantzaririk gehien (eta, seguruenik, ikuslerik gehien) bilduko dituen ikuskizuna biharamunean izango da. 800 dantzari gaztek barra klasikoko erakustaldian hartuko dute parte, Urumea ibaiaren ahoan. Aurten ere ezin izango dute Kontxan egin, lanak direla-eta.
Dantza sariak eta Gala
Apirilaren 30ean IX. Dantza sariak banatuko dituzte, Donostiako Antzoki Zaharrean. Aurten, Asier Edesok jasoko du dantzari berri onenaren saria, eta María Teresa Fagoaga irakaslearen ibilbidea ere sarituko dute.
Maiatzaren 1ean Dantzaren Nazioarteko Egunaren Galarekin bukatuko dira aurtengo jarduerak. Victoria Eugenia Antzokian Asier Edeso, Allister Madin eta Juan Carlos Santamaría dantzariak arituko dira. Biarritzeko balleta, Aukeran, Kukai, Verdine, Tapeplas, Dantzaz eta Acroindar dantza taldeak eta Jordi Ros dantzaria ere bertan izango dira.