Itxi

Artea

Museoa

Dantza, musika, yoga eta gaueko bisitak, uda honetan Chillida Lekun

Agentziak | Erredakzioa

Hernaniko zentroak hainbat jarduera eskainiko ditu hurrengo hiletan. Lehenengoa “Erritu” Kukai dantza konpainiaren ikuskizuna izango da, ekainaren 21ean.

  • ©Zabalaga Leku. San Sebastián, VEGAP, 2019. Sucesión Chillida y

    "Erritu" dantza ikuskizunak abiatuko du programazioa. ©Zabalaga Leku. Donostia, VEGAP, 2019.

Chillida Lekuk kultura- eta hezkuntza-programazioa eskainiko du udan, eta dantzak, musikak, yogak eta beste hainbat diziplinak Hernaniko museoaren espazioak hartuko dituzte uztail, abuztu eta irailean, umeentzako ikastaro eta gaueko bisitez gain.

Eduardo Chillidak museoa sortzeko orduan buruan erabili zuen helburu eta filosofiari jarraituta, "Chillida Lekuren kultura programak elkarrizketak proposatu nahi ditu musikarekin, hutsunearekin, poesiarekin eta artistaren ibilbidean etengabe agertu ziren gainerako kontzeptuekin", zentroaren arduradunek esan dutenez.

Programazioaren ekitaldi nagusiak ostiralean bertan hasiko dira, hilaren 21ean; udako solstizioa ospatzeko, Kukai dantza konpainiak “Erritu” ikuskizuna aurkeztuko du, aire librean, Eduardo Chillidaren eskulturen eta zuhaitzen artean.

Gainera, uztailaren 6 eta 20rako (larunbatak) ume eta helduei bideratutako bisitak prestatu dituzte, eta uztail eta abuztuko ostegunetan (abuztuaren 15a izan ezik) gauez irekiko dute museoa, bisitaz gain bezeroei Lurra Cafeko terrazan afariak eskaintzeko.

Uztail eta abuztuko larunbatetan, gainera, Chillida Lekuk yoga eskolak prestatu ditu edozeinentzat (ez da aurretiaz esperientziarik izan behar), eta parte-hartzaileek “brunch osasungarri” bat hartuko dute klasea bukatutakoan.

Halaber, abuztuaren 7an, asteazkenarekin, Sigma Project saxofoi-jotzaileen laukoteak (Alberto Chaves, Andres Gomis, Angel Soria eta Josetxo Silguero) kontzertua eskainiko du, eta Eduardo Chillidaren eta beste zenbait egileren testuak tartekatuko dituzte musikan.

Azkenik, Beñat Achiary abeslari, musikari eta inprobisatzaileak itxiko du udako denboraldia Chillida Lekun, irailaren 4an, alboan Mathieu Mendizabal kantaria eta Haratago Julen Achiary semearen taldea izanik.