Itxi

Artea

Handitzea

Norman Foster arduratuko da Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanez

Agentziak | Erredakzioa

Britainiar arkitektoaren estudioak irabazi du lehiaketa, eta, hartara, berak hartu ditu bere gain museoa 5.000 metro koadro handitu eta egungo 2.250 metroak zaharberritzeko lanak.

1:22
Arte Ederren museoaren eraberritze proiektua

Norman Foster britainiar arkitektoaren estudioa aukeratu dute Bilboko Arte Ederren Museoa handitu eta zaharberritzeko.

Arkitekto ospetsuaren proposamenak irabazi du Bilboko museoak lanak esleitze aldera deitutako nazioarteko arkitektura lehiaketa, eta Luis Maria Uriarte euskal arkitektoa izango da egitasmoren arduraduna.

Arkitekturan, ingeniaritzan eta Bilboko hiri diseinuan adituak diren bederatzi pertsonak osatu duten epaimahai batek aukeratu du irabazlea, eta Museoko Patronatuak berretsi du horren erabakia.

Epaimahaikideek aho batez erabaki dute proiektu irabazlea dela eraberritze lanen helburuak egokien betetzen dituena, hala nola museoaren espazioa handitzea eta museoko erakusketak, hezkuntza programak eta zabalkunde programak sustatzea.

Gainera, proiektu irabazleak jasotzen duenez, eraikin zaharraren aurrealdea ireki egingo da berriro –gaur egun Euskadi plazara ematen du–, eta "arkitektura berriak balio berezia emango dio instituzioaren identitateari".

Gaur, asteartearekin, ebatzi duten lehiaketaren azken fasean egon dira, halaber, Sanaa estudio japoniarra, 2010eko Pritzker sariaren irabazlea; Nieto eta Sobejanoren estudioa; Bjarke Ingels danimarkarra; eta Sobhetta norvegiarra. Museoak erakusketa bat egingo du sei proiektu finalistak ikusgai jartzeko.

Norman Fosterrek Bilboko metroaren geltokiak eta horietarako sarbideak diseinatu zituen (“fosterito” esaten zaie), baita Arte Ederren Bostongo Museoaren proiektua eta Hong Kongo eta Pekingo aireportuak ere.

Museoak kontratua gauzatzeko aurreikusi duen gehienezko aurrekontua 18.658.200 eurokoa da.