Itxi

Artea

Arte garaikidearen erakusketa

Asier Mendizabalen lanak Veneziako Bienalen, larunbatetik aurrera

Erredakzioa

Artistaren lau artelan 54. edizioko erakusketa nagusian izango dira ikusgai. Ekainaren 4tik azaroaren 27ra bitartean egingo dute Bienale, eta Mendizabal da bertan izango den Estatuko artista bakarra.

Asier Mendizabal (Ordizia, Gipuzkoa, 1973) artistaren lau artelan izango dira ikusgai Veneziako Bienaleren 54. edizioan. Zehazki Soft Focus, Hard Edge, Benta-Haundi eta Signals, Calls and Marches artelanekin egin du bidaia Veneziara euskal artistak.

''ILLUMInazioni'' erakusketa nagusian izango dira Mendizabalen artelanak ikusgai, mundu osoko beste 82 sortzaileren lanekin batera. Identitatearen, nazioen arteko elkarrizketaren eta mundu globalizatuan arteak duen lekuaren inguruan hausnarketa egitera bultzatu nahi du bildumak ikuslea. ''ILLUMInazioni'' erakusketa nagusian parte hartuko duen Estatuko artista bakarra da Asier Mendizabal.

Bienalek antolatutako erakusketa honetako lanekin batera, nazioarteko beste hainbat artelan ere izango dira ikusgai Venezian hilabete hauetan. Izan ere, 89 herrialdek pabiloi propioa izango dute aurtengo edizioan, bere herrialdeko arte garaikideak eman dituen lan nagusiak erakusteko.

Arte garaikidearen erakustoki garrantzitsu honetan, Etxepare Euskal Institutuaren eta Acción Cultural Españolaren (AC/E) babesa du Mendizabalek, eta, babes hori gertuagotik erakusteko, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Blanca Urgell, eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Aizpea Goenaga, Veneziako Bienalen izan dira, ''ILLUMInazioni'' erakusketa Asier Mendizabalen eskutik ezagutzeko.

Asier Mendizabal
Asier Mendizabalek Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (1996), eta, 2000 urtean, erresidentzia beka bat lortu zuen de-Atelierserako (Amsterdam). Hainbat talde erakusketa garrantzitsutan izan da, tartean ''Cine y Casi Cine'' (Reina Sofía Museoa, 2003), ''Después de la noticia'' (CCCB, Bartzelona, 2003) eta ''Manifesta 5'' (Donostia, 2004). Bere lehen bakarkako erakusketa Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoan egin zuen 2008an. 2010ean Arte Plastikoen Ojo Crítico saria eskuratu zuen, eta 2011 hasieran erakusketa inauguratu zuen Madrilgo Reina Sofia Museoan.