Itxi

Artea

Patronatuaren bilera

18 urtetik beherakoek doako sarrera izango dute Guggenheimen

Agentziak | Erredakzioa

2020ko programazioan, erakusketak eskainiko dizkiote El Anatsui, Richard Artschwager, Lygia Clark, Olafur Eliasson eta Lee Krasner artistei.

  • Grabitatea eta grazia (Gravity and Grace), 2010

    El Anatsui. 'Grabitatea eta grazia' (Gravity and Grace), 2010. © El Anatsui

Guggenheim Bilbao Museoak % 3,4 igoko du aurrekontua 2020. urterako, eta 18 urtera artekoak sartu ahalko dira aurrerantzean doan. Gainera, datorren urteko programazio artistikoan, erakusketak egingo dituzte El Anatsui, Richard Artschwager, Lygia Clark, Olafur Eliasson eta Lee Krasner artisten lanekin.

Guggenheim museoaren Fundazioaren Patronatuak bilera egin du bart, Iñigo Urkullu berorren presidente eta lehendakaria buru zela. Bileran, museoaren jardueraren datu nagusien berri eman dute. Hain zuzen, urtea bukatzeko bost aste falta direla, 1.079.840 bisitari hartu dituztela jakinarazi dute, horien hiru laurdenak atzerritarrak.

Saio honetan, 2020. urterako aurrekontua aurtengoaren aldean % 3,4 igoko dela zehaztu dute, batik bat museoak berak handitu egin dituelako bere diru-sarrerak, euskal erakundeek azken urteetan emandako diruari eutsi baitiote.  

Halaber, batzar horretan 2020ko arte programazioa ere onartu dute, tartean gure garaiko artean erabakigarriak diren El Anatsui, Richard Artschwager, Lygia Clark, Olafur Eliasson, Lee Krasner eta Lynette Yiadom-Boakye artistei eskainitako erakusketak eta William Kentridge, Isaac Julien eta Alex Reynolds egileen bideo-instalazioak, Film & Video aretorako.

Programazioaren baitan, gainera, bestelako erakusketak ere izango dira, hala nola 1920ko hamarkadako “urte eroetako” sorkuntzari buruzko erakusketa bat, Berlinen eta Parisen zentratua, eta Vasily Kandinskyren lanetan oinarritutako beste bat.

Horrez gain, museoa 2021erako lantzen ari den zenbait erakusketa proiektu ere aurreratu dituzte, besteak beste, euskal artistei buruzko erakusketa bat (zehatzago esanda, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran Bilbon egindako pinturari buruzkoa); Yoshitomo Nara eta Ibon Aranberri artistei eskainitako esposizio monografikoak; eta Vito Acconci eta Racher Rose sortzaileen eskutik Film & Video aretoan egingo diren erakustaldiak.

Azkenik, 2020rako salneurri eskema berria onartu dute, museoak ohar batean azaldu duenez: sarrera doan 18 urtera arte; ikasleentzako eta pentsiodunentzako onurak hobetuko dira; erakusketa bakoitzaren azken egunean sarreren salneurriak % 50eko deskontua izango du 16:00ak eta 20:00ak bitartean bisitariek erakusketa ikusteko azken aukera izan dezaten (gainerako erakusketak ere ikusi ahal izango dituzte); eta sarrerak online erosteagatiko hobariak (leihatilan baino euro 1 edo 2 merkeagoak izango dira).