Itxi

Artea

Bisitarien datuak

Guggenheim museoak 1.170.000 bisita jaso ditu 2019an

Agentziak | Erredakzioa

Museoaren historiako laugarren zifrarik onena izan da joan den urtekoa. Bisitariei egindako galdeketetan oinarrituta, museoaren jarduerak Ogasunari 67,9 milioi euro eman dizkiola balioztatu dute.

  • Guggenheim Bilbao Museoa

    Historiako laugarren bisitari kopururik handiena da iazkoa. Argazkia: Iñaki Zabaleta.

Guggenheim Bilbao Museoak jakinarazi du 2019. urtean 1.170.669 bisita hartu dituela, museoaren historiako laugarren zifrarik onena. Gainera, ohar batean azaldu dutenez, bere jarduerari esker ogasun publikoak 67,9 milioi euroko diru sarrera gehigarria izan du, museoko bisitariek Euskal Autonomia Erkidegoan egindako gastuaren eraginez.

Bisitarien jatorri geografikoari erreparatuz gero, gehienbat, Frantziako Estatutik (% 17), Britainia Handitik (% 7), Alemaniatik (% 7), AEBtik (% 7) eta Italiatik (% 5) iritsi dira. Museoak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bisitariak guztien % 9 izan dira.

'Atzera begira. Giorgio Morandi eta antzinako maisuak' erakusketa 702.010 bisitarik ikusi zuten apiriletik urrira bitarte; 'Jenny Holzer. Zera deskribaezina' 655.713k martxotik irailera; 'Lucio Fontana. Atarian' 552.213k maiatzetik irailera, eta 'Gerhard Richter: Itsas paisaia' 445.105ek maiatza eta iraila hasiera artean.

Azkenik, Guggenheimen jarduerak EAEko Barne Produktu Gordinari (BPG) egindako ekarpena 438,5 milioi eurokoa izan dela esan dute museoaren arduradunek. Kopuru horiek ontzat jota, euskal ogasun publikoek 67,9 milioi euroko diru sarrera gehigarria izan dute.

Halaber, autofinantziazio mailari dagokionez, 2019an % 70ekoa izan da datu hori, oharraren arabera.

250.000 bisita, Arte Ederren Museoan

250.742 pertsona joan ziren 2019an Bilboko Arte Ederren Museoan, 2018an baino gutxi batzuk gutxiago.