Itxi

Artea

Kaleko artea

Udane Juaristiren lan bat, munduko ehun mural onenen zerrendan

N.V. | eitb.eus

Azkoitiar margolariak Oviedon eginiko mural bat eta Lian katalanak Leitzan eginiko beste bat 2019ko horma irudi azpimarragarrienen zerrendan sartu du Street Art kaleko arteari buruzko webguneak.

1:29
Oviedon egindako lan hau goraipatu du Street Art 360 eskoziar webguneak. Argazkia: Fernando Alcalá.

Udane Juaristi azkoitiar artistaren lan bat 2019ko muralik onenen zerrendan sartu du Street Art 360 kaleko arteari buruzko eskoziar webguneak. Juaristik Parees Fest jaialdian egin zuen murala, Oviedoko Rosales kalean, pintura plastikoa erabiliz.

"Oso pozik" hartu du goraipamena artistak, azaldu digunez, eta Oviedoko horrek, oso bere estilokoa izanagatik, beste lan batzuek baino arrakasta handiagoa izan duela esan digu. "Oso pozgarria da mundu osoko zerrenda batean zure izena ikustea. Oviedoko hau jaialdi batean egin nuen, eta beraiek ere zabaldu dute murala". 

Eskoziar webguneak mundu osoan (Bordele, Mexiko, Amman, Kaledonia Berria…) 2019an eginiko ehun horma irudi aukeratu ditu, izen handiek (Seth, Odeith, Royyal Dog, Eduardo Kobra…) eta “talentu berriek” eginikoak, eta berorien artean dago, 66. postuan, Juaristirena.

Halaber, Erran webguneak jasotzen duenez, Leitzan eginiko mural bat ere sartu dute zerrenda horretan, Lian artista katalanak Atekabeltz Gaztetxean eginikoa, hain zuzen ere. 46. postuan dago lan hori.