Itxi

Artea

Erakusketa

Bilboko Arte Ederren Museoak Vicente Ameztoyren errealismo magikoa erakutsiko du

Agentziak | Erredakzioa

Ekainaren 7ra arte, donostiar pintorearen ia ehun lan jarriko dituzte ikusgai museoan.

1:23
Vicente Ameztoyren margoak

Bilboko Arte Ederren Museoak Vicente Ameztoy (Donostia, 1946-2001) donostiar pintorearen obra figuratiboan “ukitu ironiko, surrealista eta naturalistak dituen errealismo magikoa” erakutsiko du bihartik, otsailak 12, aurrera.

Atzera begirako erakusketan, ia ehun lan bildu dituzte, besteak beste 53 margolan, 30 marrazki eta hainbat collage, 1968an abiatu eta 2001ean, hil baino pixka bat lehenago, itxi zuen ibilbide profesional osoaren lagin gisa.

Virginia Montenegro, pintorearen alarguna, erakusketaren aurkezpenean izan da, eta esan du pozik dagoela berorren emaitzarekin eta nahiko lukeela publikoak “irudimen handiz begiratzea, koadro bakoitzak esanahi ezberdina izan baitezake begiratzen diozun aldiro eta etengabe aurkezten baitira gauza berriak”.

Ameztoyren erakusketak asteazkenean irekiko du Bilboko Arte Ederren Museoaren erakusketen zikloa, eta ekainaren 7ra arte egongo da ikusgai.