Artea
Donostia
Paul Fuentes diseinatzaileak Donostiako inauterietako kartela plagioa dela salatu du
eitb.eus
Fuentesen esanetan, Maher Abed lehiaketaren irabazleak donostiar inauterietarako sortu duen irudia bere lan baten “kopiatu/itsatsi triste bat” da.
-
Irudiaren erabilera "etenda" geldituko da
2018ko apirilaren 24an, Paul Fuentes mexikar diseinatzaileak “60ko hamarkadakoen moduko” llama baten irudia argitaratu zuen bere Instagram kontuan. Pop-arteko ale iradokitzaile eta koloretsuak erakutsi ohi ditu bertan diseinatzaileak, eta, oraingoan, animalia buruan zapi bat zuela eta eguzkitako betaurrekoak jantzita ageri zen.
Hogeita bi hilabete geroago, otsailaren 5ean, Donostia Kulturak aurtengo inauterietako kartela aurkezteko egindako ekitaldian, llama hori berori ikusi ahal izan genuen denok, Maher Abed Madrilen bizi den tunisiarrak egindako kartel deigarrian. Fuentesek diseinatu eta argitaratutako animalia bera zen udal lehiaketako kartel irabazlearen protagonista, betaurrekoen kolorea apur bat aldatuta eta ezpainak margotuta.
Fuentesek berak Instagramen eman du iritzia, eta salatu du copyrightarekin babestutako bere irudia lapurtu duela Abedek, 1.000 euroko saria zuen lehiaketa irabazteko, nahiz eta berorren oinarrietan argi eta garbi esaten den lan “argitaragabe eta jatorrizkoak” aurkeztu behar direla.
Abedek eitb.eus-i azaldu dionez, ez zekien argazkiaren gainean egile eskubiderik zegoenik, ez baitzuen hartu ez Paul Fuentesen webgune ofizialetik ezta Instagrameko beraren profiletik ere. Gertatutako guztia deitoratu du eta Fuentesi eskatu dio egile eskubideak erreklamatzea. Gainera, Instagramen “Fuentesen komunitatearengandik” jaso dituen “irain eta erasoak” etsita utzi dutela gaineratu du, eta “jazo den guztiagatik” barkamena eskatu du, bihotzez.
Irudiaren erabilera, “etenda”
Donostia Festak, udal erakundetik, kartelaren egiletzaren inguruan gertatu den guztia damu dutela adierazi dute.
“Egileari eskatu diogu salaketa eta erreklamazio prozesuari ekiteko, guri, Donostia Festak erakundeari, ahalik eta azkarren esku hartzea errazagoa izan dakigun. Hasteko, irudiaren erabilera eten egingo dugu, eta, plagioa baieztatuz gero, 2020ko irabazlea ez dugu aintzat hartuko Donostiako inauterien palmares historikoan”, esan dute ohar batean.