Artea
89 urte zituen
Richard Hamilton hil da, 'pop art' mugimenduaren aitzindaria
Erredakzioa
Erresuma Batuan zendu da, gaixotasun luze baten ondoren. Los Angelesen, Filadelfian, Londresen eta Madrilen erakustekoa zen atzera begirako bat prestatzen ari zen.
Richard Hamilton artista britainiarra hil da, 89 urte zituela. 'Pop art' mugimenduaren aitzindaria da askorentzat, Andy Warhol eta Roy Lichtenstein artistekin batera.
Erresuma Batuan hil da Hamilton, gaixotasun luze baten ondoren, 2013an Los Angelesen, Filadelfian, Londresen eta Madrilen erakustekoa zen atzera begirako bat prestatzen ari zela.
'Just What Is It That Makes Today's Homes So Different, So Appealing?' da artistaren artelanik ikonikoena. Biluzik dagoen emakume bat ageri da bertan, kapela gisa lanpara bat duena. Kulturalista bat ere badago irudian, 'pop' hitza idatzita daraman chupa-chups erraldoi bat eskuan duela. Eguneroko bizitzan ohikoak ditugun tresnak, telebista eta xurgatzailea esaterako, dituzte alboan. Askorentzat 'pop art' mugimenduan erabat murgiltzen den lehen fotomuntatzea da hau.
Beatles taldekoen 'White Album' lan bikoitzaren azala da Hamiltonen beste lan ezagunenetako bat. Edukiagatik eta azal horregatik zirrara handia sortu zuen lanak garai hartan.
Publikoarentzat Andy Warhol bezain ezaguna ez bazen ere, belaunaldi ezberdinetako sortzaileen artean eragin handia izan zuen Richard Hamiltonek.