Artea
Erakusketa Alondegian
'Ezinezko objektuen' ironia Bilbora ekarri du Jacques Carelmanek
Erredakzioa
Erabilgarritasun gutxiko tramankulu bitxiak biltzen dituen erakusketa aurkeztu du frantziarrak. Berak sortu ditu lanak, tartean zenbaki bakarreko kalkulagailua eta euliak hiltzeko tresna zuloduna.
Urriaren 16ra arte, umorea, ironia eta zentzurik eza izango dira nagusi Bilboko Alondegian. 'Ezinezko objektuen katalogoa' erakusketa ireki dute bertan, Jacques Carelman artista frantziarrak asmatutako erabilgarritasun gutxiko tramankuluak bitxiak biltzen dituena.
Eguneroko tresna eta lanabesak oinarri hartuta, logika eta zentzugabetasuna nahasten ditu, umore handiko objektu surrealistak lortuz: elurretan ibiltzeko bizikleta, ping-pong mahai izurtua, eskorga itxurako haurrentzako orga, zenbaki bakarreko kalkulagailua, berogailu-besaulkia eta euliak hiltzeko zulodun tresna, tartean.
Kontsumo gizartearen aurka
Jacques Carelman pintore, eskultore, ilustratzaile eta eszenografoa Marseillan jaio zen, 1929an. Bilbon egin duten aurkezpenean azaldu duenez, bere ezinezko objektuen jatorria 68ko Pariseko maiatzean dago, ''kontsumo gizartearen aurka ikasleek egindako matxinadan''. Eguneroko bizitzako objektuak irrigarri uzteko liburua egiteko ideia mamitzen hasi zen orduan. ''Hor hasi zen dena'', gaineratu du.
1969an 'Ezinezko objektuen katalogoa' argitalpena kaleratu zuen, posta bidezko salmentari parodia egiteko. 20 hizkuntzatara itzuli zuten lana, eta eguneroko objektuen irakurketa berri eta absurdoa proposatzen zuten 400 diseinu bildu zituen bertan.
Arrakasta ikusita, diseinu horietako 60rekin hiru dimentsioko objektuak sortzea erabaki zuen, eta, bilduma hori, estreinakoz, Pariseko Louvre museoan izan zen ikusgai.
Egileak esan duenez, ez omen du 'ezinezko objektu' gehiago egiteko asmoa, baina, aitortu du egon badela egiterik izan ez duen objektua: ''Dirua egiteko makina''.