Itxi

Artea

Azaroaren 4tik 6ra

'La caída de los Dioses', Arriaga Antzokiko agertokian

Erredakzioa

Luchino Viscontiren 'La caduta degli dei' pelikularen moldaketa bat da. Besteak beste, Belén Rueda, Fernando Cayo, Manuel de Blas, Pablo Rivero eta Nur Levi aktoreak izango dira taula gainean.

  • 'La caída de los dioses' antzezlaneko aktoreak. Argazkia: EFE

Antzerkia bueltan da Bilboko Arriaga Antzokian, oraingoan 'La caída de los Dioses' ('La caduta degli dei') lanarekin. Luchino Visconti zinemagilearen lan ezagunaren moldaketa bat da, eta estreinakoz izango dugu Euskadin. Ostiral honetan egingo dute lehen emanaldia, eta hilaren 6ra arte izango dira Bilbon.

Tomaz Pandur da lanaren zuzendaria, eta bederatzi aktore eta musikari bat izango ditu taula gainean: Belén Rueda, Nur Levi, Manuel de Blas, Francisco Boira, Pablo Rivero, Fernando Cayo, Alberto Jiménez, Emilio Gavira eta Santi Marín aktoreekin batera Ramón Grau piano-jotzailea ere arituko da.

Luchino Viscontiri omenaldia egin nahi dio Pandurrek lan honekin, 'La caduta degli dei' (1969) pelikula arrakastatsua antzerki mundura eramanez.
Hirugarren Reicharen garaira garamatza antzezlanak, Alemaniako familia aristokratiko baten gainbehera eta desegitea kontatzeko. Familiako kideak zalantzan ikusiko ditugu, nazien alderdiari babesa eman edo berau arbuiatu zer egin jakin ez dakitela. Egoera horretan, Von Essenbeck baroia (familiako patriarka) erailko dute, eta boterea lortzeko borroka odoltsu batean murgilduko dira familiako kideak.