Artea
Urrezko Domina
Jesus Lizaso eskultore bizkaitarra Florentziako Biennalen saritu dute
Erredakzioa
Eskultura arloko Urrezko Domina jaso du, arte horretako sari nagusia. Agatha Ruiz de la Prada, Jeff Koons eta Jose Luis Cuevas ere saritu dituzte.
-
Jesus Lizaso eskultore bizkaitarra Florentziako Bienalean saritu dute. Argazkia: Jesús Lizaso
Jesus Lizaso artista bizkaitarrak eskultura arloko Urrezko Domina jaso du Florentziako Biennalen. Hilaren 3tik 11ra bitartean egin dute Italiako arte jaialdiaren zortzigarren edizioa, eta 'Ortotropias' bere azken lana aurkeztu du bizkaitarrak bertan. Azken bi urteotan sortu dituen egurrezko artelanak erakutsi ditu artistak bilduma honetan.
Igandean, topagunearen azken egunean, eman zioten saria Lizasori, eta ''oso harrituta, hunkituta, eta harro'' sentitzen dela esan du artistak. Izan ere, aurtengo Biennalen parte hartu duten 70 herrialdetako 700 artistaren artean gailendu da bizkaitarra.
Bizkaitarraren batera, Agatha Ruiz de la Prada, Jeff Koons (Guggenheim Bilbao Museoko 'Puppy' maskota ezagunaren sortzailea), eta Jose Luis Cuevas artista mexikarra ere saritu dituzte zortzigarren edizio honetan.
Italiako, Mexikoko, Austriako, Indiako, AEBetako, Frantziako, Txinako eta Brasilgo hainbat arte kritikarik eta adituk osatu dute epaimahaia.