Itxi

Artea

'Zaindu'

Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako 8 lan zaharberritu dituzte

Gustavo de Maezturen 'Itsasoko emakumeak' (1916) eta Vicente Larrearen "Anduia 2" eskultura dira aipagarrienak.

01:15
Durero, Ucelay eta Maezturen lanak zaharberritu dituzte

Bilboko Arte Ederren museoak zortzi lan berritu ditu aurten, "Zaindu" programari esker. Horien artean, Gustavo de Maezturen edota Vicente Larrearen lanak.

Artelan ezagunak, batzuk museoaren erakusketa iraunkorrean bertan ikusi ditugunak, baina gehienetan museoaren fondoetan dauden obrak zaharberritzen ditu "Zaindu" programak.

Horien artean, Gustavo de Maezturen “Itsasoko emakumeak” margolana dago. Oso baldintza eskasetan zegoen, erabilitako jatorrizko materialak eskasak zirelako. Berniza ere ilunduta zegoen eta zaharberritze lan eskerga egin behar izan zaio, baina arduradunen hitzetan, merezi izan du, obra eder bezain berezia delako.

Gainera, José Maria de Uzelai margolariaren "Urrutia eta Aranoa" eta "Hemingway eta Duñabeitia" margolanak ere zaharberritu dituzte. Baldintza onetan bazeuden ere, aurreko muntaketetako ondorioak desagerrarazi dizkiete, eta garbitu. Carlos Sáenz de Tejadaren bi grabatuk ere muntaketen ondoriak zituzten, alegia, urradurak, itsasgailu arrastoak kendu eta horiek ere garbitu dituzte. Alberto Dureroren “Hormako amabirjina” paperean egindako lanarekin ere beste hainbeste egin dute eta Pieter Van Der Werff egilearen "Sanson eta Dalila" olio mihisea ere garbitu, pintura altxadurak moldatu, mihisea bera ere ohiala aldatu, eta argitu ere argitu dute. Obra honekin gainera, une honetan ikerkerta egiten ari da museoa.

Eta azkenik, iaz ere dohaintzan Vicente Larreak emandako eskultura bat "Anduia 2" obra zaharberritu dute, autorea bera aholkulari lanetan aritu da, eta batez ere, higaduren ondorioak desagerrarazi dituzte, koloreak ere berreskuratuz.

Horien aurtengo bilboko arte ederren museoaren zaharberritze lantaldearen lanaren emaitza, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak ere partaide izan dituenak, baina baita atzerriko unibertsitateetako ikasleak ere.

Horrela, "Zaindu" programaren 22 edizioetan, 119 artelan zaharberritu dira.