Itxi

Artea

ARCOmadrid

Ibarrolaren "Guernica Gernikara" eta bi euskal galeria, ARCOmadrid azokan

N. V. | EITB Media

Ibarrolak Picassoren koadroari egindako berrikuspena ez ezik, beste euskal artista zenbaiten lanak ere egongo dira ikusgai arte garaikideko Madrilgo azokan: Txomin Badiola, June Crespo, Jon Mikel Euba…

0:42

Gaur hasiko da Madrilen ARCOmadrid arte garaikideko Madrilgo azokaren berrogeigarren edizioa, eta hilaren 11n bukatuko da, igandearekin. IFEMA erakustazokan, bi euskal galeriak erakustoki bana izango dute: Carreras Mugicak eta Cibrianek.

Gainera, Agustin Ibarrolaren 'Guernica Gernikara' lana ere erakutsiko dute ARCO azokan, Jose de la Mano Madrilgo galeriaren erakustokian. Bi metro altu eta hamar metro zabal dituen horma irudi bat da, zeinaren bidez Ibarrolak, Picassoren maisulanari gorazarre egiteaz gain, pieza Euskal Herrira eramatea aldarrikatu zuen.

Galeriaren arduradunek aurreratu dutenez, hiru erosle posiblerekin hizketan ari dira dagoeneko, bi erakunde publikorekin eta pribatu batekin. Oraindik, baina, ez dute prezioaren berri eman nahi izan.

Bestalde, Carreras Mugica Bilboko galeriak honako euskal artisten lanak izango ditu erakusgai: Txomin Badiola, Juan Pérez Agirregoikoa, Jon Mikel Euba, June Crespo eta Eduardo Chillida.

Bestalde, 2018an sortutako Cibrián galeria donostiarrak lehenengo aldiz parte hartuko du, Opening sailean, bi erakusmahai jarrita. José Ramón Amondarain donostiar artistaren lanak erakutsiko dituzte bertan, besteak beste.