Artea
130 artelan
Antonio Lopezen lanak Bilbon ikusteko azken egunak
Erredakzioa
Igandera arte, Bilboko museoak Tomellosoko artistaren 130 margolan, marrazki eta eskultura hartzen ditu, 50 urteko ibilbidea laburbilduz.
Igandean itxiko dute Antonio Lopezen erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan. Tomellosoko artistaren 130 margolan, marrazki eta eskultura biltzen ditu. 1953 eta 2011 bitartean sortutako artelanak dira.
Antonio Lopezen erakusketari esker, marka guztiak hautsi ditu aurten Bilboko Arte Ederren museoak. Guztira, 255.000 bisitari izan zituen iaz.
50 urteko baino gehiagoko ibilbidea laburtzen duen bilduma da, eta artistak berak ''modu zehatz eta harrigarri batean'' ikusten du bere jarduera bertan islatuta. Muntaiarekin ''erabat liluratuta'' eta ''poz-pozik'' dagoela esan zuen Lopezek. ''Nire buru barrenera eta erraietara bidaia da erakusketa. Nire ibilbide artistikoaren izaera osoa dago hemen'', gaineratu zuen.
Ikusgai dauden lanen artean, Madrilgo Kale Nagusiaren inguruko zazpi margolan nabarmendu dituzte. Artistaren estudiotik zuzenean iritsi dira Arte Ederren Museora, eta estreinakoz daude ikusgai.
XX. mendeko espainiar errealismoan maisua da Lopez (Tomelloso, 1936), askoren ustez. Inguruko errealitateari erreparatu eta bere lanetan islatu ditzakeen eguneroko elementuak lantzen ditu Lopezek. Patxadaz eta gogoeta eginez egiten du lan, irudikatu nahi duen objektu eta paisaia horren muina bilatu nahian. Lopezek barnealdeak landu ditu, giro fantastikokoak nahiz eguneroko bizitzakoak, baita gizakia, paisaiak eta hirietako ikuspegiak (esaterako, Madril eta Tomelloso).
18 urte zeramatzan Antonio Lopezek erakusketarik egin gabe, eta bilduma honek "ikuspuntu desberdinetatik" irudikatzen du artista. Guillermo Sola Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoko zuzendari artistikoaketa Maria Lopez margolariaren alabak prestatu dute Bilbora iritsi den bilduma.