Itxi

Artea

Lehen kopietako bat

Benetako 'Gioconda'rekin batera margotu zuten Pradoko 'Mona Lisa'

Erredakzioa

Madrilgo museoak egunotan baieztatu du bere artelana Da Vinciren tailerrean sortu zutela, margolariak originala lantzen zuen bitartean. 'Mona Lisa bikiak' martxoan elkartuko dira berriz, Parisen.

  • Benetako 'Gioconda'rekin batera margotu zuten Pradoko 'Mona Lisa'

    Benetako 'Gioconda'rekin batera margotu zuten Pradoko 'Mona Lisa'. Argazkia: EFE

Madrilgo Prado Museoak bere 'Mona Lisa' propioa izan du azken 14 urteotan horman eskegita. Da Vinciren 'Gioconda'ren kopia bat da, baina, ikerketa berri baten arabera, orain arte uste zena baino garrantzi handiagoko artelana da.

Louvre museoan egin behar duten erakusketa baten harira, Pradoko lana aztertu dute, eta datu berriak ikusi dituzte hondo beltzean. Bertan, Toskanako pasaia bat aurkitu zuten, Da Vinciren lanean aurkitu zutenaren berdina. Ikerlarien arabera, kopia hau Leonardo da Vinciren tailerrean bertan margotu zuten, eta bertatik irten zen lehen kopietako bat izan daiteke.

XVI. mende hasierakoa zela uste zuten, Da Vinciren lanaren garaikoa, alegia, baina haren bi ikasleetako batek (Andrea Salai edo Francesco Melzi) egin zuela ondorioztatu dute orain.

Pradoko artelanari egin zizkioten zuzenketak Da Vincik berak egin zituenen berdinak direla ikusi dute ikerlariek, eta, adituen ustetan, honek agerian uzten du Da Vincik egin zituen aldaketak bertatik bertara ikusi eta kopian sartu zituela haren ikasleetako batek

"Artistaren tailerrean landutako artelanen teknikarekin eta ezaugarriekin bat egiten du, eta haren ikasleek egin zuten kopietako bat da'', azaldu du Prado Museoko adituetako batek.

Maiatzean, Parisera eramango dute Madrilgo margolana, eta ''Mona Lisa bikiak" berriz elkartuko dira, Louvreko erakusketan.